Frantziako Tourra

Etapa eta maillot horia, Pogacarrentzat

Azken metroetan erasoa joz irabazi du Frantziako Tourreko seigarren etapa. Woud van Aertek denbora galdu du ihesean egon eta gero, eta Tadej Pogacar da lider berria

Tadej Pogacarrek irabazi du seigarren etapa Longwyko helmugan. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 7a
17:46
Entzun

Tadej Pogacarrek (UAE) irabazi du Frantziako Tourreko seigarren etapa. Eguneko azken muinoan Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) jo du aurreneko erasoa, baina erritmo aldaketa bizi batekin erantzun du Pogacarrek. Azken bi Tourretako garailea bera gailendu da helmugan, hogei bat lagunekin batera esprintean iritsi eta gero. Woud van Aert (Jumbo-Visma) eguneko ihesaldian izan da, baina tropelak harrapatu ostean denbora asko galdu du. Hortaz, Pogacar da lider berria, eta kolpea jo du mahai gainean.

Aurtengo Frantziako Tourreko etapa luzeena zuten aurrean txirrindulariek: 220 kilometro, Bianchetik abiatu eta Longwyra iritsi arte. 2017an Peter Saganek irabazi zuen amaiera bera izan zuen etapan, eta gaur ere bera zen faboritoetako bat. Kalitatezko borroka izan da ihesaldian sartzeko, eta garai bateko txirrindularitza gogorarazi dute ziklistek. Van Aert hainbatetan saiatu da, baina Pogacarrek ia denetan erantzun dio, bere gurpilera iritsiz. Hala ere, halako batean lortu du ihesaldian sartzea. Harekin batera aritu dira ihesean Jakob Fuglsang beteranoa (Israel) eta Quinn Simmons (Trek), tropeleko gazteena. Lau minuturen aldea ere izan du hirukoteak, baina Alpecin, UAE eta Education First taldeetako morroiek gogotik egin dute lan alde hori murrizteko.

Esprinterrak eta klasikoetan ondo moldatzen direnak ziren faborito nagusiak, baina amaierako ibilbide gorabeheratsuan mugimenduak espero ziren. Azken hamabost kilometroetan hiru muino igo behar izan dituzte txirrindulariek, eta horietako lehenengoan utzi du ezerezean tropelak ihesaldia. Ordurako, Van Aert bakarrik ari zen aurrean. Hogei kilometro egin ditu bakar-bakarrik, baina, amore eman ez duen arren, tropela ondo antolatu da.

Azken-aurreko muinoan (800 metro %12,3an) Alexis Vuillermozek (Total Energies) eraso egin du eta bakarrik iritsi da tontorrera. Pogacar bera ere mugitu da, baina taldea murriztea lortu duen arren, ez ditu faboritoak gurpiletik atera. Vuillermozek jarraitu du bakarrik aldapan behera, eta, saiatu bada ere, taldetxoak irentsi du azken muinoan gora hasi direnean (1,6 km. %5,8).

Azken muinoan UAEk jarri du erritmoa Rafal Majka eta Brandon McNultyrekin, taldeko liderrari bidea errazteko asmoz. Bi horiek lehertu direnean, Roglicek jo du urrunetik, etapa garaipenaren bila, baina Pogacarrek abiadura bizian erantzun dio. Herrikidearen gurpilera iritsitakoan aurrera jarraitu du, eta hark irabazi du etapa. Garaipenaz gain, maillot horia ere jantzi du esloveniar gazteak, eta bera da lider berria. Neilson Powless (Education) lau segundora dago sailkapen nagusian, eta Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma), 31ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.