Musika

Hasi da BBK Live jaialdia Kobetamendin, «inoiz baino biziago»

Igandera arte ehun talde baino gehiago arituko dira guneko hamabi agertokietan. 105.000 zale inguru espero dituzte, 35.000 bat eguneko.

Arratsaldeko lehen orduetan hasi dira musikazaleak elkartzen Kobetamendin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko uztailaren 7a
18:48
Entzun

Gazzi musikariaren doinu elektronikoekin hasi da gaur BBK Live jaialdia, Bilboko Kobetamendin. Douleurdolor, Depresion Sonora eta Ginebras taldeak hasi dira ondoren musikazaleak animatzen. Arratsalde hasieratik joan da jendea biltduz San Mames estadioaren inguruan, Kobetamendira igotzeko autobusak hartzeko asmoz. Horietako askok kanpatzeko tresneria zuten, jaialdiko hiru egunak mendian pasatzeko.

Antolatzaileek azken egunotan agindu dutenez, «inoiz baino biziago» itzuliko da jaialdia, izurriak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean. Horretarako, hamabi agertoki atondu dituzte, eta ehun artista baino gehiago gonbidatu dituzte jotzera.

Musika garaikidearen albait ertz gehien ukitzeko apustua berretsi du jaialdiak itzuleran, eta pop-rocketik harago egin, eta trapa, flamenkoa, musika urbanoa eta indar betean dauden beste eremu batzuk ere lehen lerrora ekartzea erabaki dute.

Europako musika jaialdien panoraman lekua irabazten segitzeko borondatea berretsi du horrela BBK Livek, eta grina horrekin erantzun du publikoak ere: 75 herrialde baino gehiagotan saldu dituzte sarrerak, eta 105.000 zale inguru espero dituzte —35.000 bat eguneko—.

The Killers, Pet Shop Boys, LCD Soundsystem, J Balvin, Placebo, Moderat eta Stromae daude aurten kartelburuan, baina entzule ugari bildu ohi dituzten beste hamaika musikari eta apurka sona hartuz doazen beste horrenbeste ere helduko dira: Chill Mafia, Bulego, Nacho Vegas, Alizzz, Nathy Peluso eta Rigoberta Bandini, kasurako.

Sorrerako urtetik, batik bat nazioarteko izen handiak ikusteko aukera eskaini du BBK Livek, baina Euskal Herriko musikariei milaka lagunen aurrean jotzeko parada ere eman die, eta Ezpalak, Verde Prato, Chill Mafia, Nogen eta Bulego izango dira aurten hala jardungo duten euskal taldeetako batzuk.

Rocka zein reggaetona

Gaur James Murphyk gidatzen duen LCD Soundsystem talde beteranoa izango da izarrik nabarmenetako bat. New Yorkeko taldeak hogei urte bete ditu aurten, hain justu, eta, urtemuga ospatzeko egiten ari den biraren barruan, Europan egingo duen geldialdi bakarra izango da Bilbokoa.

Letra larriz datoz, halaber, Placebo, Caribou eta Moderaten izenak. Never Let Me Go disko berria aurkezten ari da lehena, Brian Molko buru duena; elektronikaren eta pop psikodelikoaren nahasketa dantzagarria hedatuko du Dan Naithek (Caribou); eta, elektronikarekin segituta, Gernot Bronsertek, Sebastian Szaryk (Modeselektor) eta Sascha Ringek (Apparat) osatutako Moderat Berlingo hirukoak More D4ta diskoa aurkeztuko dute.

Zahara, Ginebras, Nacho Vegas, Depresion Sonora, Alizzz, Sinal Mail, Coach Party, Gazzi, Eris Drew, Mujeres, The Blessed Madonna, Phoebe Bridgers eta Helena Hauffen txanda ere ostegunean izango da.

Bihar, berriz, The Killersen eguna izango da askorentzat. Brandon Flowers buru duen taldea egona da aurretik ere Kobetamendin —2007an, 40.000 lagunen aurrean aritu ziren bertan—, eta pandemia aldian kaleratu dituzten bi diskoak aurkezten izango dira bueltan: Imploding The Mirage (2020) eta Pressure Machine (2021).

Agertoki nagusian ariko dira estatubatuarrak, eta alboko San Miguel gunean, berriz, Supergrass talde beteranoa; 1993an sortu zen taldea, Oxforden, The Beatles, Buzzcocks eta garai hartako beste talde britainiar batzuen eragin nabariarekin, eta, 2010ean ia hamarkada beteko etenaldia egin ostean, berriz itzuliak dira zuzenekoen zirkuitura.

Haien tekla eta gitarra melodia dantzagarriei erritmo kolonbiarrak emango die segida; Soy Yo eta To My Love hiten egile Bomba Estereok Deja (2021) diskoa aurkeztuko du: elektronika, cumbia eta reggae doinuak nahasian dakartza.

Gauerdia igarota, Stromae izango da beste izen handietako bat, eta musikari belgikarrak inguruan emango duen kontzertu bakarra izango da hori ere.

Kolonbiako musika fokupera itzuliko da larunbatean. «Reggaetonaren printzea» ere deitu izan dute J Balvin, eta aurtengo jaialdiaren apustu handietako bat izan da. Haren kantuek milioika entzunaldi lortu dituzte munduko hamaika herrialdetan, eta horiekin osatuko du Kobetamendiko saioa.

Azken egunean ariko dira aurtengo beste izen handi bi ere: Pet Shop Boys eta Nathy Peluso. Neil Tennant abeslariak eta Chris Lowe teklistak osatutako bikote britainiarrak popik elektronikoena ekarriko du, Heart, It's a Sin, West and Girls eta halako abestiak zuzeneko argitsu eta muntatze eszeniko ikusgarriekin lagunduz. Eta ez da gutxiago espero Pelusorengandik ere; hip-hopa, soula, rythm & bluesa, swinga, jazza, trapa eta beste fusionatzen ditu kantari argentinarrak, eta kolore biziz eta ezustekoz betetako zuzenekoak eskaini zale da.

Rigoberta Bandini, Four Tet, Billie Marten, Cariño, Lena Willikens, John Talabot, Nilufer Yanya, Peaches eta Romy ere larunbatean helduko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.