Lan gatazkak

Mercedesek uko egin dio seigarren txandari, eta astearterako deitu du bilerara

Sindikatuek zuzendaritzari erantzun diote keinurik egin ezean protestekin jarraituko dutela. Ekoizpena eten du grebak gaur ere.

Manifestazioa egin dute goizean, Gasteizen. L. RICO/EFE
aitor biain
2022ko uztailaren 8a
13:05
Entzun

Keinu eske ziren sindikatuak Gasteizko Mercedesen, zuzendaritzak lan hitzarmenaren negoziazioak eten eta biharamunean. Eta seigarren egunez grebak ekoizpena geratu duen egunean iritsi da keinu hori: EFE albiste agentziak aurreratu duenez, zuzendaritza prest dago gaueko seigarren txandari uko egiteko. UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek egin zioten eskari hori, negoziazioak aurrera egitea bermatuko lukeen aukera delakoan, eta zuzendaritzak onartu egin du. Astearterako deitu du langile batzordea bilerara.

Gehiengo sindikalak uste du hori dela ekoizpena berriz martxan jartzeko «modu bakarra». Eta konpromisoa azaldu zuten langileei berriz lanera itzul zitezen eskatzeko. Izan ere, asteon enpresak adierazi du lantegia berriz martxan jartzeko «agindua» jaso zuela Alemaniatik.

Langile batzordeko presidenteak, Igor Gebarak (ELA), BERRIAri adierazi dio, ordea, ez dutela zuzendaritzaren proposamen aldaketaren ingurukorik jaso: «Guri ez digute ezer esan, ez zaigu ezer iritsi. Jaso dugun bakarra astearteko bilerarako deialdia izan da». Gebara pozik azaldu da erabakiarekin, baina ohartarazi du «letra txikia» irakurri beharko dutela balorazio bat egin eta hurrengo pausoak erabaki aurretik. Eta zera esan die gainerako sindikatuei: «Lorpena, izatekotan, langileena da, eta ez azken unean dominak jarri nahi dituzten sindikatuena».

Ekoizpena etenda
ELA, LAB eta ESK sindikatuen eskarietako bat da gaueko seigarren txanda ez ezartzea,soldatak KPIaren arabera igotzearekin batera. Aldarri horiek hartuta egin dute greba gaur ere. Langile gehienek egin dute bat protestarekin: %95 inguruk egin du greba, deitzaileen arabera, eta ekoizpena eten dute seigarrenez protestak hasi zituztenetik.

Manifestazioa egin dute goizean Gasteizen. Lehendakaritzatik abiatu eta Eusko Legebiltzarrerainoko bidea egin dute. Jendetza batu da protestara, nahiz eta langile batzordeko gainerako sindikatuek greba ez babestea erabaki zuten. «Ez dugu ulertzen langile batzordeko gainerakoek zergatik ez duten hau ikusten. Uste dugu langile hauek enpresak dioena baino gehiago merezi duela, eta guk horren alde borroka egingo dugu, babesa dugun bitartean», esan du Gebarak.

Izan ere, atzoko bileraren ondotik, protestara batzeko deia egin zieten sindikatu abertzaleek gainerakoei. Gaur goizean langile batzordea biltzea ere eskatu zioten UGTri, CCOOri, Ekintzari eta PIMi, baina ez dute nahi izan. «Greba eguna izanda ez zuten egoki ikusten biltzea, eta agenda arazoak dituztela ere esan digute. Ulertezina da horrelako erantzuna ematea, gu greban egonda ere biltzeko prest gaudelako», gaitzetsi du Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak.

Langileek argi adierazi diote enpresari ere elkarrizketarik gabe ez dela akordiorik egongo, eta mahaiaren bueltan esertzeko eskatu diote. «Dei diezagutela», eskatu du Gebarak. Eta gogorarazi die hitz egiteko prest daudela, nola asteburuan, hala datorren astean. «Guk deitu diegu, baina ez digute hartu. Deitzen badigute, guk erantzungo diegu, eta arazorik gabe elkartuko gara hitz egiteko».

Diaz de Aldak gogorarazi du lan hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik enpresak lau aldiz eten dituela elkarrizketak. Eta kritiko azaldu da sindikatuei gauza bat esaten dielako bileran, eta oso bestelako mezua zabaltzen duelako hedabideetan. «Harrigarria da esatea ez dutela negoziazioa eten, atzo bileran bi aldiz esan zutenean grebak dirauen bitartean ez dutela negoziatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.