Eusko Jaurlaritzak esan du osasun arloko ikertzaile gehiago izatea duela helburu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025erako Estrategia aurkeztu du. Finantzaketa handiagoa izatea ere jarri dute xedetzat.

Eusko Jaurlaritzaako Osasusailburu Gotzone Sagardui estrategia aurkezten, gaur goizean,. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko uztailaren 8a
14:10
Entzun

Gizartearen ongizatean osasun arloko ikerketak duen garrantziaz jakitun, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025erako Estrategia aurkeztu du. Laborategietatik aterata, ikerketa horien emaitzek «pertsonentzako onura, gizarte hobekuntza eta aurrerapen ekonomiko» bihurtzea nahi dutela azaldu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Gure helburua da ikuspegi argi bat indartzea: osasunaren arloko ikerketa batez ere osasun sistemaren eta euskal herritarren beharretara bideratu behar dela. Eta, aldi berean, Euskadiko ekonomiak lehiakortasuna hobetzeko eta hazkunde jasangarriaren bidean aurrera egiteko palanka ere izan behar du» Horretarako, besteak beste, estrategia berrian jaso dute ikerketa proiektuen finantzaketa hobetzea, baita ikertzaile gehiago erakartzea ere.

Bost ardatzen baitan antolatu dute estrategia. Lehenik eta behin, ikerketa institutuen, asistentzia eremuaren eta enpresa esparruaren arteko lankidetza eta integrazioa handiagoa izatea nahi dute. Horretarako, beste era batera antolatuko dute osasun ikerketarako sistema osoa, eta izena bera ere aldatuko diote: Osasunaren arloko Euskadiko Ikerketa izango da aurrerantzean. Horren barruan egongo dira Bioaraba, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Biosistemak, BIOEF Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioak koordinatuta. Gainera, institutu horien espezializazioa sustatu asmo dute, «bikaintasunera eta osasun sistemaren beharretara» bideratuta.

Baina proiektuok garatzeko, ezinbestekoak dira pertsonan eta finantzaketa. Hori ere aintzat hartu dute. Hain zuzen, ohar bidez azaldu dutenez, erronkatzat daukate ikertzaile gehiago izaten jarraitzea, baita talentuari eusteko nahiz talentu gehiago erakartzeko programak identifikatzea ere. Horrekin lotuta, estrategiaren bidez ikerketa proiektuen finantzazioa ere hobetu nahi dute. Azaldu dutenez, etengabe ari da handitzen Eusko Jaurlaritzak I+G+Bra bideratzen duen dirua, baina, haien hitzetan, ez da nahikoa. Horrenbestez, «publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren» aldeko apustua berretsi dute: «Institutuek azken sei urteotan % 95  kanpoko finantzaketa gehiago lortu dute, eta helburua da osasun sisteman ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko esparru egonkorra eta efizientea izatea, baliabideak finkatu ahal izateko».

Nazioartera zabaltzen

Azkenik, estrategia berriaren bidez, nazioartekotzen jarraitu nahi dute: «Une hauetan Euskadiko osasun sistema osasunarekin lotutako nazioarteko 56 ikerketa proiektutan parte hartzen ari da. Orain asmoa da Euskadiren presentzia hori areagotzea nazioarteko proiektu lehiakorretan liderra izanez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.