OSASUNA

Osasuna ere itzuli da lanera

Gorritxoek denboraldiaurreko lehen lan saioa egin dute, Jasoba Arrasateren esanetera. Aitor Fernandez eta Ruben Peña Taxoaren izan dira.

jarraia215681.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 8a
14:24
Entzun

Osasunak gaur goizean ekin dio denboraldiaurreari, Taxoaren. Jokalari multzo handia batu da zelaian, 25 denera, eta, guztiak, Jagoba Arrasate entrenatzailearen esanetara egon dira. Berriatukoak (Bizkaia) hirugarren denboraldiz jarraian zuzenduko du Osasuna. Oporren ostean, taldekideak berriz elkartzeko topagunea izan da, baita kide berriak ezagutzeko parada ere. Bertan izan dira Aitor Fernandez atezaina eta Ruben Peña eskuin albokoa. Arrasatearrak eta espainiarrak 2025 arteko kontratua sinatu dute.

Hain zuzen, bi horiek dira orain arte Osasunak denboraldi honetan fitxatu dituen bi jokalariak. Gehiago espero dira, baina ez luze gabe. Kirol zuzendaritzak ezarritako lehen helburua zen bi aurpegi berri edukitzea denboraldiaurreko aurreneko egunerako. Alta, klubak aurrera begira bi postu indartzea du xede: erdi-punta eta hegala.

Harrobiko hiru jokalarik ere parte hartu dute estreinako entrenamenduan: Aimar Orozek, Pablo Ibañezek eta Iker Benitok. Azken sasoian Leganesen utzita aritu zen Rober Ibañez ere sasoiaurrera batu da. Halere, Osasuna aurki utz dezake eskuin hegalekoak. Bestalde, klubak baieztatu du Marc Cardona Las Palmasen jokatuko duela datorren denboraldian. Azken bi sasoietan utzita aritu da, Mallorcan eta Go Ahead Eagles Herbehereetako taldean.

Kike Severio Arrasateren agindupean izan da gaur, baina Ekuadorreko erdilaria min hartuta dago oraindik; azken sasoian, Ponferradinan utzita jokatzen ari zela, orpazurda hautsi zuen. Klubeko medikuen arabera, urtea amaitu arte ez da lehiatzeko moduan izango.

Bestalde, Ante Budimir ez zen Taxoaren. Aurrelaria uztailaren 18an batzekoa da taldera, Kroaziako selekzioarekin Nazioen Liga jokatu zuela eta. Horrenbestez, oporretatik uztailaren amaieran itzuliko da.

«Denboraldi zaila»

Lehen lan saioaren ostean, Arrasatek hitz egin du: «Sasoia hartzen ari gara, eta, egunez egun, lan karga gehitzea dagokigu. Denboraldi zaila izango dugu. Xehetasun guztiak ondo findu nahi ditugu». Horrez gain, Berriatuko teknikariak aurreratu duenez, taldea beste bi jokalari berrirekin indartu nahi du, eta zuzendaritza taldea horretan ari da lanean.

Bestalde, klub gorritxoak jakinarazi du lagunarteko sei partida jokatuko dituela denboraldiaurrean. Lehenengo neurketan, Osasunako bigarren taldea izango du aurkari, hilaren 16an, Taxoaren; bigarrenean, Okzitaniako Tolosa, hilaren 19an (19:30), Taxoaren; hirugarrenean, Huesca, hilaren 23an (19:30), Mendigorrian (Nafarroa); laugarrenean, Reala, hilaren 27an, Tolosan (Gipuzkoa); bosgarrenean, Burgos, abuztuaren 5ean (11:30); eta azkenengoa, egun berean, Mirandes, Anduvan (19:00).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.