Gazteentzako trukaketa udalekuak eta helduen euskalduntzea sustatuko dituzte EEPk eta Jaurlaritzak

1.930.000 euroko diru laguntza emango dute euskararen alde Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak

Miren Dobaran eta Antton Kurutxarri, goizean egindako agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2022ko uztailaren 8a
14:57
Entzun

Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteek elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko, eta Iparraldean helduen euskalduntzea sustatzeko 1.930.000 euroko diru zorroa aurkeztu dute gaur, EEPko lehendakari Antton Kurutxarrik eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek.

Euskal herritarren eta batez ere helduen euskalduntze prozesua argiki aitzineratu dute EEPko eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Antton Kurrutxarrik, gainera, AEKren egituratzen laguntzeko duten xedea aipatu du. Harentzat, «30-50 urte arteko jendea da gutxien euskalduna dena [Ipar Euskal Herrian], eta, alta, transmisio bat egitekoa lukete, haien haurren modeloa izan daitezkeelako». Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi gisa ere mintzatu da, AEKren alde egindako kanpainari buruz. «Ez dakit lotua den, baina kanpaina egin den ber garaian, gutxi gorabehera, eskaera anitz iritsi dira AEKra, eta galdea handia bada, desira oraindik gehiago». Haren ustez, egiazko lan bat eramatekoa da helduen euskalduntze prozesuan.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko erlazioa sakontzeko xedea aipatu du Miren Dobaranek. Izan ere, gazteen arteko erlazioak lantzekoak direla azaldu du, ohar daitezen «beste euskaldunik ere badela, Euskal Herriaren beste parte batzuetan». Bide beretik, aurten lehen aldiz antolatu dituzten trukaketa udalekuak aipatu ditu. Uztailaren 12 eta 23a bitartean, bi ateraldi antolatzen dira Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteak topa daitezen. Dioenez, izen emateek izugarrizko arrakasta izan dute, eta, gerorako, Nafarroarekin batera ere garatuko den proiektua izanen dela espero dute.

Aurtengo funtsa 1.930.000 eurokoa da, 2017tik hein berekoa. Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euroko ekarpena egiten du, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, berriz, 400.000 eurokoa. Lankidetzarako funts hori bi dirutza multzotan banatua da. Alde batetik, hitzarmenez lotutako eragile jakinen diruz laguntzeko, 1.793.000 euro pentsatuak dira. Horien barnean, haurren eta helduen euskararen irakaskuntzaren alde egiten dutenak sartzen dira, hedabide euskaldun eta elebidun, eta aisialdi alorreko jarduerak sustatzen dituztenekin batera. Adibidez, Seaska, AEK, Euskal Irratiak eta Uda Leku bezalako instituzioek laguntza hori errezibituko dutenen artekoak dira. Bestetik, geratzen diren 136.000 euroak hizkuntza jarduera proiektu deialdiari erantzun diotenak dira. Horietan, Angeluko Xoko Ttipi haurtzain etxea eta Oreka zirku eskola euskalduna sartzen dira, adibidez.

Hamabost urte berantago, 2007an formalizatu zen hitzarmenetik geroz, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jarraitzen dute. Joan den urtean, hizkuntza politikaren alorreko mugaz gaindiko lankidetza esparrua berritu zuten 2021-2025 epealdirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.