Eba Gaminde

«Herrigintzarekin lotura duen guztiak pizten du nire interesa»

Eba Gamindek zuzenbidea eta euskara ditu bizitzaren ardatz. Bi esparru horiek uztartu ditu bere ibilbidean, eta egindako lanak fruituak eman ditu: euskaltzain urgazle izendatu dute.

Eba Gaminde. OKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko uztailaren 8a
15:14
Entzun

San Pedro jaiak amaitu berritan elkartu da Bizkaiko Hitza Eba Gaminde Egiarekin (Mungia, 1968), Mungian. Zuzenbidean doktorea da, eta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea. Euskarazko materialen falta zegoela ikusita, hamabost urtez ibili da Zuzenbideko testuak euskarara itzultzen, eta, gaur egun, Zuzenbideko adar guztiek dute euren eskuliburua eta lege testua euskaraz. Joan den azaroan, euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta aitortza hori “harrotasun handia” dela nabarmendu du: “Gogotsu nago”. Irakasle izateaz gainera, bake epailea ere bada Mungian bertan.

Zuzenbide ikasketak egin zenituen. Nondik piztu zitzaizun interesa?

Egia esan, betidanik izan dut argi Zuzenbidea ikasi nahi nuela. Betidanik gustatu izan zait justiziaren mundua, arazoak konpontzea, norbere ideiak argudioekin defendatzea… Bokaziozkoa izan da. Oso esparru zabala zela ohartu nintzen, eta, sustraia gustuko nuenez, horregatik aukeratu nuen. Horrez gainera, ikasketak euskaraz egin ahalko nituela jakiteak ere bultzatu ninduen bide hori hartzera, nolabait.

Egun, merkataritza arloan zara irakasle: Merkataritza Zuzenbidean. Zergatik arlo hori?

Nahi gabe etorri zitzaidan aukera bat izan zen. Hasieran, euskaraz eskolak emateko jende gutxi geunden, eta batetik bestera ibiltzen ginen, beharrizana zegoen lekuak betetzen. Hala ere, enpresa munduak beti piztu izan dit interesa, eta, klaseak ematen hasi eta lau urte ingurura, merkataritza arloan zentratu nintzen. Batez ere, kooperatiben arloa landu izan dut. Izan ere, merkataritzak, oro har, irabazi asmoetan jartzen du arreta nagusia, baina kooperatiben mundua guztiz desberdina da. Politagoa da, nire ustez, pertsonalagoa.

Kristau doktrina soziala eta euskal kooperatibismoa tesia egin zenuen, 2015ean. Zure ustez, zer-nolako bilakaera izan du kooperatibismoak Euskal Herrian?

Mondragon Taldea da euskal kooperatibismoaren erreferente nagusia, eta hortik abiatu nintzen tesia egitean. Kooperatiben balioak aztertzea izan zen nire asmo nagusia. Hau da, ea balio horiek benetakoak diren ala kutsu erromantiko horretan geratzen diren ikertzea. Urte hauetan argi geratu da krisialdi testuinguruetan indartu egiten dela kooperatibismoa. Egoera zailetara egokitzeko gaitasuna du, eta, inplikazio pertsonalari esker, aurrera egiteko ahalmen berezia du.

Duela urte batzuk kooperatibismoa eta generoa aztertu zuen tesi baten tutore ere izan zinen, Garazi Garate Otsoak egindakoa. Kooperatiben ezaugarriek berdintasun politiketarako aukera gehiago ematen dituzte?

Zalantzarik gabe. Kooperatiben mundua esparru berezia da, eta berdintasuna eta ekitatea guztiz errotuta daude euren balioen artean. Datuen arabera, kooperatibetan eta antzeko erakundeetan langileen %64 dira emakumezkoak, eta ekonomia tradizionaleko enpresetan, berriz, %43,5 baino ez. Datuak aztertuz gero, ikus daiteke emakumezko bazkideak gero eta gehiago direla, baina esan beharra dago goi postuetan, oraindik ere, gizonezkoak direla nagusi. Kristalezko sabaia hor dago, baina gauzak aldatzen ari dira pixkanaka.

Zuzenbidearen arloa ere oso maskulinoa izan da beti. Aldatzen ari da hori ere?

Bai, zalantzarik gabe. Ikasleen aldetik ere nabari da aldaketa: egun, emakumezko ikasleak gehiago dira gizonezkoak baino.

Irakasle izateaz gainera, urte luzez ibili izan zara testu juridikoak euskarara itzultzen. Euskarazko materialen falta dago Zuzenbidearen arloan?

Zuzenbidea ikasten hasi nintzenean, ez zegoen euskarazko materialik. Klaseak euskaraz ziren, baina azterketak prestatzeko edo informazioa bilatzeko orduan gaztelerara jo behar izaten genuen. Ahalegin bikoitza egin behar genuen. Zuzenbidea euskaraz eta bikaintasunez ikasteko euskarazko materialen beharrizana zegoela konturatu ginen, baina hori erronka bat zen guretzat. Izan ere, funtsezkoa zen ezagutza akademikoak menperatzea, baina baita ezagutza horiek transmititzeko tresna egokiak euskaraz ere izatea. Zuzenbidea eta euskara uztartu behar ziren, eta euskara bera egokitu behar genuen eginkizun juridikoetara. Egun, Zuzenbideko adar guztiek dute euren eskuliburua eta lege testua euskaraz. Dena dago euskarara itzulita, eta guztiz posible da Zuzenbidea euskaraz ikastea.

Zer-nolako prozesua izan zen?

Oso gogorra. Aurretik ez zegoen ezer eginda. Beraz, Euskal Filologoek eta Zuzenbideko lizentziadunek talde bat osatu genuen, eta gaztelerazko testuen azterketa juridikoa egiten hasi ginen: terminologia guztia landu behar izan genuen, eta datu base bat sortu. 1997. urtea zen, eta fitxa guztiak eskuz egiten genituen, paperean. Izan ere, garai hartan teknologia ez zegoen horren garatuta. Hasieran, oso prozesu geldoa izan zen, baina proiektu bakoitza amaitzeak sekulako poza eragiten zigun, eta, apurka-apurka, martxa hartzen joan ginen. Pentsa, hamabost urtez aritu naiz euskarazko itzulpenak egiten.

Gaur egun, ikasleak animatzen dira Zuzenbidea euskaraz ikastera?

Horixe da gure erronka nagusia. Nik beti esaten dut Zuzenbidea euskaraz ikasteak aukerak mugatu beharrean, plus bat ematen duela: gaztelerazko ikasle batek dituen aukera guztiak izateaz gainera, euskarazko eskaintza ere badute ikasle horiek. Eskaintza handiagoa da. Euskaraz zaila dela Zuzenbidea ikastea? Zuzenbidea ikastea zaila da bere horretan, oso arlo teknikoa delako, baina euskarazko hitz tekniko juridikoak gaztelerazkoak baino ulerterrazagoak dira kasu askotan. Euskarak ez du mugatzen, inondik inora ere.

Euskararen arloan lan asko egindakoa zara. Nola ikusten duzu euskara osasunez?

Erabiltzaileen esku dagoela esango nuke. Euskarak aurrerapauso asko eman ditu azken urteotan, baina egunerokoan egin behar da euskaraz bizitzeko hautua. Ez dakitenek ikasi behar dutela esaten da sarritan, baina dakigunok hitz egitean dago gakoa. Bizitzeko filosofia izan behar da euskara.

Nondik datorkizu euskararekiko konpromisoa?

Berezkoa da. Baserri giroan jaio eta hazi naiz, eta euskara izan da beti nire bizitzeko era. Zuzenbidea eta euskara biak uztartzeko aukera izan dut, eta orain euskaraz irakatsi ahal izatea itzela da. Euskaraz lagundu ahal izateak bestelako hurbiltasun bat ematen duela iruditzen zait, lotura berezi bat, eta horrek egiten du aparteko.

Joan den azaroan euskaltzain urgazle izendatu zintuzten. Zer esan nahi du zuretzat aitortza horrek?

Ezusteko itzela izan zen. Ilusioa, erantzukizuna, beldurra, ardura… Erronka handia da niretzat, baina oso pozik nago. Itzulpengintzari esker lortu dut aitortza hori, eta talde osoaren errekonozimendua da azken finean, ez nirea bakarrik. Euskara bizitzeko modu bat da niretzat, baina orain euskara zaintzeko ardura ere badut. Itzela da. Harrotasun handia ematen dit.

Zein izango da zure eginbeharra euskaltzain urgazle gisa?

Oraingoz, ez dakit oso ondo zer egin beharko dudan. Hiztegigintzaren arloan egongo naizela aurreratu didate, baina oraindik ez gara hasi lanean. Gogoz nago.

Irakasle izateaz gainera, bake epailea ere bazara Mungian. Nolatan sortu zitzaizun aukera hori?

Hori ere espero gabe etorri zen. Mungian plaza bat sortu zela esan zidaten, baina, egia esan, ez nuen jakin zein zen bake epaile baten eginbeharra. Pixka bat ikertu ondoren, herritarrengandik hurbilen dagoen pertsona zela ikusi nuen, eta oso lan polita iruditu zitzaidan. Oso lan aberasgarria da, jendearekin, herritarrekin, tratu zuzena duzulako. Oso esperientzia ona ari da izaten.

Askok ez dute ezagutzen zein den bake epaileen lana. Behar bezala baloratuta dago?

Egia da. Jende asko etortzen da egunero kontsultak egitera, baina, oro har, ez da lan ezagun bat. Herri izendapen bat da, herriak aukeratu nau, eta horrek egiten du berezi.

Mungiako Gizarte Kontseiluko kide ere bazara.

Herrigintzarekin lotura duen guztiak pizten du nire interesa. Kasu honetan, gizarte gaiak izaten ditugu hizpide, eta herriko hainbat eragile daude bertan ordezkatuta. Gizarteko arazoak aztertzen ditugu, horiek bideratu, aholkuak eman… Organo polita da, kontsultarakoa eta eztabaidatzailea.

Mungian bertan Gure Esku dinamikan ibilitakoa zara. Nola dago egun egoera?

Indartsu eta gogotsu hasi ginen, baina lan asko egin beharra dago, eta jendea aldentzen joan da. Ni ere bai, tartean. Sinesmen osoa dut proiektuarengan, baina zaila da inplikazio hori etengabe mantentzea.

Joan den larunbatean herritarrek Pirinioetako hirurehun gailur argiztatu zituzten Gure Esku-ren eta Kataluniako talde subiranisten deialdiari erantzuna. Herri gogoa berpizteko ekinaldi bat izan da?

Hunkigarria izan da. Herri gogoa indartzeko ekimen bat izan da, bai, herritarrak aktibatzekoa, eta lortu dute, zalantzarik gabe. Erabakitzeko eskubidea da Gure Esku-koek aldarrikatzen duguna, guk geuk erabakitzea gure etorkizuna. Ideologia politiko askotako jendea dago tartean, eta ikuspegien nahasketa hori da dinamikatik gehien gustatzen zaidana. Gainera, katalanekin elkarlanean egin den lehenengo proiektu handia izan da, eta horrek ere egin du berezi.

Hamar urte beteko dira 2023an Gure Esku herri dinamika sortu zenetik. Aurrerapausorik izan da urte horietan guztietan?

Jakina. Hamar urte ez dira alferrik betetzen, eta herritarrek proiektuan sinesten duten bitartean aurrera jarraituko du, zalantza barik. Argi dago ez dela bide erraza izan, baina arrakasta du, eta parte hartzea eta inplikazioa sekulakoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.