Arkeologia

Europako gizakirik zaharrenaren aurpegiko fosil bat aurkitu dute Atapuercan

Duela 1,2 eta 1,4 milioi urte bitartekoa da fosila. Indusketek hilabete amaierara arte jarraituko dute, eta urtebete beharko dute azterketa zientifikoak eta gorpuzkien datazioak egiteko.

Europako hominidorik zaharrenaren aurpegiko fosil bat aurkitu dute. SANTI OTERO / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 8a
17:15
Entzun

Atapuercako (Burgos, Espainia) aztarnategietako indusketa taldeak Europako hominidorik zaharrenaren aurpegiko fosil bat aurkitu du: duela 1,2 eta 1,4 milioi urte bitartekoa. Orain arte ez zegoen garai hartako giza presentziaren ebidentzia argirik. Izan ere, Atapuercako giza fosilik zaharrenak 2007an aurkitu zituzten: duela 1,2 milioi urteko masailezur bat eta hezur zati batzuk.

Ekainaren 30ean aurkitu zuen fosila Edgar Tellez Giza Bilakaeraren Ikerketa Zentro Nazionaleko doktoregoko ikasleak, 2007an aurkitutako masailezurra baino bi metro beherago. Indusketako zientzialariek hurrengo egunean ondorioztatu zuten hezurra gizaki batena zela. Fosilak, ordea, gaur aurkeztu dituzte Juan Luis Arsuaga, Jose Maria Bermudez de Castro eta Eudald Carbonell Atapuercako hiru zuzendariek, Rosa Huguet aztarnategiko koordinatzaileetako batek eta Gonzalo Santonja Gaztela eta Leongo Kultura kontseilariak.

Uztail amaierara arte jarraituko dute Atapuercako gune horretako indusketek, eta taldeak espero du giza aztarna gehiago aurkitu ahal izatea, hortzak, adibidez, material biologikoa atera ahal izateko. Azterketa zientifikoak eta gorpuzkien datazioak egiteko, baina, gutxienez urtebete beharko dute, eta horrek Afrikatik kanpo bizi izan diren hominidoen bilakaeraren hasiera ulertzeko balio dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.