Frantziako Tourra

Pogacar nagusi La Planchen

Jonas Vingegaardekin batera sartu da helmugan, Tourreko zazpigarren etapan. Lennard Kamna 75 metro falta zirenean harrapatu dute

Tadej Pogacar La Plachen garaipena ospatzen. Eskubian, Jonas Vingegaard, burumakur. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 8a
18:23
Entzun

Tadej Pogacar (UAE) gailendu da Frantziako Tourreko zazpigarren etapan, La Super Planche des Belles Fillesen. Bertan irabazi zuen esloveniarrak lehenengo Tourra 2020an, eta berriro ere nagusi izan da. Azken metro horietan irabazi du esloveniarrak etapa, bigarrena jarraian. Aurtengo Tourrean lehenengoz amaitu da etapa mendian. Lennard Kamna (Bora) izan da ihesean gehien iraun duena, eta hark irabaziko zuela zirudienean harrapatu dute Pogacarrek berak eta Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma). 75 metro gelditzen ziren. Esloveniarra sendotu egin da lidergoan.

Aurreko etapan bezala, hasierako kilometroetan lehia bizia izan da eguneko ihesaldian sartzeko. Azkenerako, tropelak amore eman du, eta hamar lagunek lortu dute ihes egitea. Horien artean izan da Imanol Erbiti (Movistar). Hala ere, UAE eta Ineos jarri dira tropelaren buru, eta haiek egin dute ihesean zegoen multzoaren aldea ez handitzeko lana. Ia hiru minuturen aldearekin hasi dute Col des Croix-eko jaitsiera aurrean zihoazenek. Azkeneko mendatera minutu eta erdiko aldearekin iritsi da seikotea. Erbitik ezin izan du besteen erritmoan jarraitu, eta azken igoera hasi baino lehen harrapatu du tropelak.

Igoera hastearekin batera, lau ziklista gelditu dira aurrean, eta Simon Geschkek (Cofidis) jo du lehenengo erritmo aldaketa. Hala ere, berehala utzi du atzean Lennard Kamnak (Bora), eta atzetik etorrita, bakar-bakarrik egin du helmugarako bidea. Tropelean, George Bennett eta Rafal Majkak (UAE) jarri dute erritmoa, liderraren mesedetan. Majka indarrik gabe geratu denean hasi da festa. Pogacarrek berak egin du erritmo aldaketa 300 metro gelditzen zirenean, eta gurpiletik atera ditu ondoan zituenak. Hala ere, Vingegaardek erantzun du atzetik, erritmoa aldatuz, eta Pogacar bera ere aurreratu du.

75 metro gelditzen zirenean harrapatu dute Kamna, La Super Planche des Belles Filleseko azkeneko aldapa pikoan (% 24an). Vingeegardek aurretik hasi ditu azkeneko 100 metroak, baina Pogacarrek azkeneko pedalkadetan aurreratu du. Esloveniarra izan da garaile, eta aurreko etapa irabazi eta gero bigarren garaipena lortu du. Primoz Roglic (Jumbo-Visma) izan da hirugarren, 12 segundora.

Beste faboritoak banan-banan sartu dira helmugan. Besteak beste, Geraint Thomas (Ineos) 14 segundora iritsi da; Enric Mas (Movistar), 21era. Ineoseko beste bi liderrak, Adam Yates eta Daniel Felipe Martinez, 29 eta 45 segundora helmugaratu dira, hurrenez hurren. Aleksandr Vlasov (Bora) izan da denbora gehien galdu duen faboritoa, eta 1:39ra sartu da helmugan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.