Frantziako Tourra

Van Aert garaile esprintean, Lausannen

Michael Matthews eta Tadej Pogacarren aurretik sartu da helmugan flandriarra, eta bigarren garaipena lortu du aurtengo Tourrean

Wout van Aert Laussaneko helmugan, garaipena ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 9a
18:37
Entzun

Wout van Aertek (Jumbo-Visma) irabazi du Frantziako Tourreko zortzigarren etapa, haren bigarren garaipena da aurtengo Tourrean. Esprintean erabaki da garailea, eta haren atzetik sartu dira Michael Matthews (BikeExchange) eta Tadej Pogacar (UAE). Hasierako eroriko batek baldintzatu du etaparen nondik norakoa. Aurreneko hamarretan zeuden hainbat ziklista gelditu dira atzean, baina arazorik gabe iritsi dira tropelera. Pogacarrek aldea handitu du sailkapen nagusian, lau segundoko gainsaria hartu baitu helmugan.

Dolen (Frantzia) abiatu da zortzigarren etapa, eta Laussanera (Suitza) iritsi bitarte 186 kilometro pasatxoko ibilbide gorabeheratsua zuten aurretik txirrindulariek. Aurreko egunetako astinduaren ostean, lasaitasuna espero zen faboritoen artean, eta horrek etapa ehiztariak uzten zituen faborito moduan. Ihesaldian sartu eta etapa garaipenaren bila joateko egun aproposa zuten txirrindulariek, baina taldean iritsiz gero, esprinterrek ere aukera izan zezaketen. Hala ere, etapa hasieran izandako erorikoak dena aldatu du. Etenda gelditu dira, besteak beste, Pogacar liderra, Geraint Thomas (Ineos), David Gaudu (FDJ) eta Romain Bardet (DSM). Lauak sailkapen nagusian aurreneko hamarretan daude, baina ez dute arazorik izan tropelarekin bat egiteko.

Hiru lagun sartu dira eguneko ihesaldian: Mattia Cattaneo (Quick-Step), Fred Wright (Bahrain), eta Frederik Frison (Lotto). Lau mendate igo behar izan dituzte txirrindulariek, baina arrisku nagusia azkeneko igoeran zegoen. Zalaparta sortzeko aproposak ziren azkeneko bost kilometroak Cote du Stade Olympiquen (4,8 kilometro %4,6an), eta azkeneko aldapan (%12an) erasoak espero ziren.

Ihesean zeudenetatik Wright bakarrik gelditu da buruan, azkeneko mendatea hasi aurretik, baina hiru kilometro gelditzen zirenean irentsi du tropelak. Rafal Majkak (UAE) ezarri du erritmoa azken kilometro horietan, eta haren atzetik joan dira beste hogei bat txirrindulari, bata bestearen atzetik. Txirrindulariek nahikoa izan dute Majkaren erritmoari jarraitzen, eta ez da inor mugitu azkeneko aldapa pikoan.

Azkeneko metroak lauak ziren, eta esprintean erabaki da etapa. Matthewsek abiatu du esprinta, eta Pogacarrek hartu du bere gurpila. Van Aert itxita gelditu da errepidearen ezker aldean, baina tokia aurkitu duenean erraz nagusitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.