Arrauna

Oriok lehendabiziko kolpea jo du

Patxi Francesen taldea gailendu da Coruñako banderako lehen jardunaldian. 7,08 segundoko aldea du Arraun Lagunak-ekiko.

jarraia215739.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 9a
18:55
Entzun

Hautsi eta eutsi. Horixe egin du Oriok gaur Coruñako (Galizia) lehen jardunaldian, Euskotren ligako hirugarren lehian. Patxi Frances eta haren kuadrillak sei segundoko aldearekin ekingo diote bihar bigarren jardunaldiari. Ia eskuetan dute trapuaren makila. Hasieratik amaiera arte nagusi izan dira oriotarrak, eta kontrolpean izan dute estropada. Donostia Arraun Lagunak sailkatu da bigarren, Donostiarra hirugarren, 11ra, eta Tolosaldea laugarren hamalaura. Sailkapen nagusian, Oriok puntu bat ateratzen dio orain Arraun Lagunak-i. Azken postua saihesteko lehian, Donostiarrak hiru puntuko abantaila dauka Tolosaldearekiko.

Gaurko garailea laugarren kaletik joan da, eta haren ondoan Tolosaldeak arraun egin du; bigarren kalean, Arraun Lagunak aritu da; eta, lehenengoan, Donostiarra. Iragarrita zegoen haizeak ipar-ekialdetik zakar joko zuela, baita metro eta metro eta erdi arteko olatuak egon ere. Bada, denborale berdea estropada hasi baino lehenago lehertu da.

Halere, itsaso narrasa zegoen, eta arraun egiteko zaila, hondoko itsasoa egon arren. Horiek horrela, kaleen artean bazen alderik. Izan ere, laugarrengo eta hirugarrengo kaleek Hercules dorrearen eta haren ingurumariaren babesa zuten lehen minutuetan

Semaforoa berde jarri orduko, San Nikolas ontziko arraunlariak izan dira lehen arraunkadak eman dituztenak. Hala, oriotarrek berehala hartu dute estropada burua. Indartsu ekin diote lehen txanpari, eta horri esker, bigarren minuturako Arraun Lagunak-ek espero zuena baino atzerapen handiagoa izan du; bost segundo ateratzen zizkion Oriok. Andrea Astudillo patroiak galtzak bete lan zituen ordurako egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko.

Oriok bere arraunketan serio aritu da, luze-luze, minutuko 34 arraunkadako erritmoan. Nadeth Agirrek gidatutako ontzia izan da ziaboga egin duen lehena, 5.39ko denborarekin; ontzia zertxobait joan egin zaio. Juan Mari Etxaberenak, ostera, bederatzi segundora heldu dira, estropada lehiatik kanpo; Donostiarra 11ra, eta Tolosaldea hamahirura.

Laugarrenetik lehendabizikora

Maniobraren ostean, olatuak istribor hanketik sartzen zitzaienez, Orioko aurrekalari Maria Victoria Piñeirok arrauna istriborretik ababorrera pasatu du, trainerua hobeto gogortzeko eta Agirreri ontzia zuzentzen laguntzeko. Aurrekalariek ziabogetan estoketa sartzeaz gain, beste zeregin batzuk ere izan ohi dituzte.

Kontuak kontu, Oriok jarraitzen zuen lehen postuan, eta Agirrek 31 eskutik izan du San Nikolas hark nahi zuen kalera zuzentzeko. Hain zuzen, olatuaren norabideari jarraitu dio, hots, laugarrenetik lehenengora. Bitartean, Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrak bi segundo jan dizkiete oriotarrei: Lugañene zazpira gerturatu da; Torrekua bederatzira. Tolosaldea gehiago ari zen sufritzen; hamahiru segundoko atzerapena zeukan.

Halere, Oriok azken metroetan olatuei zukua atera die, eta etekin horri esker, hanka egitea lortu du. Amaiera, Arraun Lagunak-i zazpi segundoko abantaila atera dio; 11, Donostiarrari; eta ia hamabost Tolosaldeari.

1. Orio 11.00,26

2. Donostia Arraun Lagunak 11.07,34

3. Donostiarra 11.11,86

4. Tolosaldea 11.15,16

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.