Arrauna

Zaldien lehendabiziko irrintzia

Urdaibai izan da azkarrena Coruñako lehen jardunaldian, Eusko Label ligako hirugarren lehian. Bigarren luze amaieran hautsi du estropada. Oriori zazpi segundo atera dizkio; hamar, Hondarribiari.

jarraia215740.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 9a
22:25
Entzun

Neguan ondo baino hobeto indartu zen Urdaibai, eta kiniela guztiak apurtzeko zantzuak eman zituen liga hasi aurreko test eta jaitsieretan. Iker Zabala prestatzaileak watt ugari mugitzen dituzten zaldiekin josi du Bou Bizkaia trainerua. Baina, zaldi horiek ondo gobernatzea eta fintzea ezinbestekoa du ontzia azkar joateko. Eusko Label ligako lehen bi jardunaldietan ez zuten eurek uste zuten maila eman. Zaldiak ez zeuden gustura; gaur, bai, ordea, Coruñako (Galizia) estropada eremu bihurrian. Gorka Aranberri eta haren kuadrillak hegan egin dute, irrintzika, eta, bideratuta utzi dute, bihar bandera etxera eramateko (12:13, ETB1).

Hain zuzen ere, gaurko eta biharko denborak batu ostean jakingo da ea banderaren jabe nor izaten den. Urdaibaik, bederen, 7,44 segundoko altxorra dauka alde. Orio sailkatu da bigarren, eta Hondarribia hirugarren, 10,64ra. Donostiarrak osatuko du bihar ohorezko txanda; 15,46ra geratu da. Horrez gain, lider aldaketa utzi du atzoko estropadak; Orioko patroi Ander Etxegoienek elastiko gorria bereganatu du, Igor Makazagaren taldearen kalterako. Biak 32na punturekin daude berdinduta.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, ipar-ekialdeko haize zakarrak itsasoa aurretik zegoena gehiago berdetu du, eta lantza giroa eragin. Azkeneko txandan joan da garailea, lehen kaletik. Alboan, hurrenez hurren, Donostiarra, Hondarribia eta Orio joan dira. Irteera eman orduko, hasierako txanpa indartsua eman eta gero, Makazagarenak estropada buruan jarri dira, baina harrokeriarik gabe; beste hirurak gain-gainean baitzituzten.

Lau oilarrek kontuan hartu dute Getariak bigarren txandatik markatutako denbora; izan ere, Esperantza traineruak sekulako estropada egin du, beste behin; nondik eta bigarren kaletik. Ion Larrañagaren kuadrillak gozatu egin du baldintza trakets eta bihurrian; eroso aritu da, eta sekulako hasiera eman dio estreinako denboraldiari; bosgarren postuan sendotu da sailkapen nagusian.

Ohorezko txandako lau ontziek erreferentziak alde zituztela heldu dira lehen ziabogara; lau balizak dantzan ziren, sehasken antzera. Donostiarrak egin du txandako ziabogarik azkarrena. Hondarribia, Orio eta Urdaibai bi segundo eskasean ziren. Ez zen bromarik traineruetan. Olatuak ez ziren apartekoak, baina bai nahikoak ontziari bultzatzeko. Maniobraren ostean, olatuak eta haizeak ababorretik jotzen zieten traineruei, eta alde horretako arraunlariek lanak zituzten arrauna uretan ongi pasatzeko. Zailtasunak zailtasun, Donostiarrak aldea zertxobait handitzea lortu du, Arkaitz Diaz lemazainaren esanetara. Halere, lehen kaletik zihoan Bou Bizkaia ez zen gutxiago.

Gorka Aranberri patroia traineruaren tranpaldora igo da, txopa altxatu eta branka hondoratu direnaren seinale. Olatu bat hartu du, baina ez edozein olatu; urdin kolorez ziren zaldiek metroak egin dituzte uhinen gainean, Donostiarrari muturra sartu eta estropada burua hartzeraino. Denbora laburrean, tarte esanguratsua zabaldu du Zabalaren kuadrillak, eta Hondarribiari eta Donostiarrari seina segundokok abantaila ateratzen ziela heldu da bigarren ziabogara. Orio ere ez zen aparte.

Motorra, olioztatuta

Artean, Urdaibaik hamabi segundoan txikitu du lehen txandatik aritu den Isuntzaren denbora, ordura arteko onena. Urdaibaiko arraunlariak brankaz sufritzen baino gehiago gozatzen ari ziren, ubera pasatuz. Zabalak Aranberriri ematen zizkion datuak onak ziren, eta nabaritzen zen ontziaren txopan gustura zebilela. Motorra ongi olioztatuta zihoan.

Azken ziabogan, Bou Bizkaia-k zortzina segundoren aldea zuen San Nikolas eta Ama Guadalupekoa traineruekiko. Donostiarrak, berriz, bi horien atzetik zen, eta lehen luzean egindako ahalegina kareletik behera botatzen ari zen.

Itzulerako luzean, lau ontzietako patroiek lehenengo kalera jo dute. Olatuak bilduagoak etortzen baitziren, nonbait. Bermeotarrek ez dute burua galdu, bai baitzekiten lehen postuak ez ziela ihes egingo. Atzean, berriz, elkar mokoka aritu dira Orio, Hondarribia eta Donostiarra. Azken txanpan, Jon Salsamendirenek olatu bat hartu dute, eta nahikoa izan dute Hondarribiari aurrea hartzeko.

Lehen txandan, Isuntza nagusitu da, estropada txukun bat egin ostean, eta bigarren txandan ariko da bihar, Zierbenaren kalterako. Burua altxa ezinik dabiltza Jon Elortegiren arraunlariak. Caboko gorriak izan dira apalenak.

Coruñako bandera

1. Urdaibai 20.17,26
2. Orio 7,44ra
3. Hondarribia 10,64ra
4. Donostiarra 15,46ra
5. Getaria 23,36ra
6. Isuntza 29,54ra
7. Ares 30,88ra
8. Kaiku 32,14ra
9. Zierbena 34,66ra
10. Ondarroa 34,82ra
11. Santurtzi 35,64ra
12. Cabo 42,92ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.