Arrauna

Oriok eta Urdaibaik astindu dituzte Coruñako banderak

Emakumezkoetan Arraun Lagunakek irabazi du gaur, baina segundo bat eskas atera dio Oriori. Gizonezkoetan bermeotarrak izan dira azkarrenak gaur ere. 

Arraun Lagunakeko arraunlariak garaipena ospatzen, joan den astean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 10a
12:13
Entzun

Pronostikoak bete dira Coruñan. Emakumezkoetan, Oriok sei segundoren aldearekin ekin dio gaur Coruñako (Galizia) estropadaren bigarren jardunaldiari, eta banderak ez dio eskuetatik ihes egin. Bai, ordea, lidergoak: Arraun Lagunakena izan da gaurkoan ontzirik azkarrena, eta lau puntuak, beraz, donostiarrek jaso dituzte. Segundo bat eskas atera diote Oriori.

Gizonezkoetan, atzoko nagusitasun bera erakutsi du Urdaibaik. Bi segundo atera dizkio Donostiarrari, lau Hondarribiari, eta hamahiru laugarren izan den Oriori. Bosgarren Kaiku sailkatu da, eta seigarren, Getaria, denboraldi hasiera bikaina baitarama.

Lehen txandan Zierbena izan da nagusi. Lehen eta hirugarren luzeetan lortu ditu abantailak, eta, beste bi luzeetan Ondarroa gerturatu zaion arren, ez da nahikoa izan. Hirugarren Santurtzi helmugaratu da, eta azken postuan Cabo. Cabok izan ezik, beste hiru ontziek aurrea hartu diete bigarren txandako Aresi eta Lekittarrari.

Sailkapen nagusian Donostiarra da lider 43 punturekin; 42 ditu Urdaibaik asteburu bikain baten ostean. 41 dituzte Oriok eta Hondarribiak.

Oriok bandera

Bandera bi jardunalditako onenarentzat izan da Coruñan, emakumezkoetan, beraz, Oriorentzat, baina zapore gazi-gozoarekin amaitu dute ijitoek. Lau jardunaldiren ostean, ezin berdinduago dago bi ontzi indartsuenen arteko lehia: hamalau puntu ditu Arraun Lagunakek, eta beste hamalau Oriok. Zazpi ditu Donostiarrak, eta bost Tolosaldeak.

Gaur, lehen aldiz, Tolosaldeak aurrea hartu dio Donostiarrari. Arraun Lagunakek 10.56 minutuan amaitu ditu lanak; Oriok 10.58an; Tolosaldeak 11:06n, eta Donostiarrak 11.11n. Patroirik onenaren sailkapenean Donostiarrako Nerea Perez da liderra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.