SRI LANKA

Sri Lankako presidenteak dimititu egingo duela baieztatu du

Rajapaksak adierazi dio Wickremesinghe lehen ministroari kargua uztekoa dela. Ez dute adierazi gobernuburua non dagoen. Protesten eraginez, alde egin du. Kontsentsuzko gobernu bat osatzeko ahaleginean ari dira.

Rajapaksa NBEren Batzar Nagusian hitz egiten, iazko irailean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 11
13:40
Entzun

Bere kontrako protesten eraginez asteazken honetan dimisioa emango duela iragarri zuen Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidenteak, joan den larunbatean. Eta gaur kargua uztekoa dela baieztatu du. Krisi ekonomiko larria jasaten ari da Asia hegoaldeko herrialdea, azken hamarkadetako handiena, eta martxoaz geroztik ugariak eta masiboak izan dira gobernuaren aurkako mobilizazioak. «Gotabaya Rajapaksa presidenteak ofizialki jakinarazi dio Ranil Wickremesinghe lehen ministroari kargua utziko duela, aurrez iragarri moduan», nabarmendu du, ohar batean, lehen ministroaren prentsa bulegoak.

Mahinda Yapa Abeywardena parlamentuko presidenteak gaur jakinarazi zuenez, herrialdeko presidente izateko hautagaitzak hilaren 19rako aurkeztuko beharko dira ganberan, eta hurrengo egunean dira estatuburu berria aukeratzekoak.

Rajapaksak, aurrena, parlamentuko presidente Mahinda Yapa Abeywardenari eman zion hartutako erabakiaren berri, aurreko larunbatean. Nolanahi ere, oraindik ez zaie herritarrei zuzendu, eta ez du dimisioa formalizatu; gainera, ez dute jakinarazi non dagoen. Defentsako iturrien arabera, ostiral gauean etxetik alde egin zuen, armadako kideek babestuta. Eta hurrengo egunean Rajapaksaren aurkako orain arteko mobilizaziorik handiena egin zuten Kolonbo herrialdeko hiriburu komertzialean. Poliziek ezarritako hesiak bota zituzten manifestariek, eta lortu zuten presidentearen etxean indarrez sartzea eta hura hartzea. Wickremesingheren etxea eta presidentetzaren eraikina ere hartu zituzten. Horiek horrela, aurrena lehen ministroak adierazi zuen dimititzeko prest zegoela, eta batasuneko nazionaleko gobernu bat proposatu zuen. Ondoren heldu zen Rajapaksaren dimisioaren berria.

2019ko azarotik da presidentea Rajapaksa, eta haren familiako beste bost pertsonak ere goi karguak dituzte edo eduki dituzte administrazioan; esate baterako, Mahinda Rajapaksak anaiak. Lehen ministroa zen 2019tik —presidente izan zen 2005etik 2015era—, eta, handitzen ari ziren protestak baretzeko ahaleginean, dimititzera behartu zuen gobernuburuak maiatzean. Baina mobilizazioak ez dira apaldu. Presidenteari egozten diote ustelkeria, kudeaketa eskasa, eta herrialdea porrotera eramatea. Ekonomia birrindu egin da azken hilabeteetan, inflazioa %54koa da, eta inportazio gehienak eten behar izan dituzte; horrek, beraz, erregaien, elikagaien eta sendagaien gabezia bat ekarri du. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du giza krisi baten atarian dagoela herrialdea.

Gobernu baten beharra

Gobernu bat behar du Sri Lankak; izan ere, NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin negoziatzen ari da, erreskatatua izan dadin. «Sri Lankan gertatzen ari dena gertutik jarraitzen ari gara. Espero dugu egungo egoera onbideratzea, berriro hitz egiten hasteko». azpimarratu zuen NDFk, atzo, ohar batean.

Halere, alderdi politikoak ez dira ados jarri trantsizioko gobernuaren burua aukeratzeko orduan. Fronteko Alderdi Sozialistaren idazkari nagusi Kumar Gunaratnamen esanetan, hori bai, jarduneko gobernuak «oso kontuan» hartu beharko ditu «aldaketa politikoa» bultzatu duten herritarren eskaerak. 2023ko martxorako daude iragarrita parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.