Sumisio kimikoaren protokoloa aktibatu dute Iruñean, lau emakumek salaketak jarri ondoren

21:30etik 02:00etara bitartean jarri zituzten salaketak, eta Foruzaingoa ikertzen ari da zer gertatu den. Enrique Maia Iruñeko alkateak ohartarazi du «oso adi» egongo direla.

Foruzain bat lanean, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 11
13:47
Entzun

Larunbat gauean ziztadak sentitu zituztela salatu dute lau emakumek Iruñean, sanferminetan. Ziztada horiek, besteak beste, zorabioak eragin dizkiete biktimei, eta, haiek jarritako salaketen harira, sumisio kimikoaren protokoloa aktibatu dute. Nafarroako Foruzaingoa gertakariak ikertzen ari da, eta, salatzaileei hartutako laginak aztertu ondoren, ondorioztatu dute negatibo eman dutela sumisio kimikoan erabiltzen dituzten substantzietan. Erasotzaileek lapurtzeko edo sexu delituak egiteko helburuarekin erabili ohi dute sumisio kimikoa.

Emakumeek azaldutakoaren arabera, laurek kalean sentitu zituzten ziztadak, eta 21:30etik 02:00etara bitartean jarri zituzten salaketak. Bi eraso Sarasate pasealekuan gertatu ziren, bat El Redinen eta beste bat Arrieta kalean. Emakumeak DYAren postuan artatu zituzten, eta Foruzaingoan salaketa jartzea eskaini zieten.

Enrique Maia Iruñeko alkateak gaur adierazi duenez, «kezkatuta» dago sumisio kimiko kasuengatik: «Kezkagarria da pertsona bat bakarrik harrapatzen duelako, edo etxera doanean, eta zentzurik gabeko egoera batean geratzen da, ez du errealitatea hautematen, eta ondorio izugarriak izan ditzake horrek».

Maiak azaldu du ez dutela inor atxilotu sumisio kimikoagatik, eta nabarmendu du Foruzaingoarekin lanean ari direla, eta «oso adi» egongo direla. Horrekin, norbaitek «zerbait» nabaritzen badu lagunen bati «berehala» esateko gomendatu du, «inola ere bakarrik gera ez dadin eta inolako deliturik edo sexu erasorik jasan ez dezan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.