Euskara administrazioan

Nafarroako merezimenduen dekretua «onartezina» da oraindik, Kontseiluaren eta Behatokiaren arabera

Dekretuaren zirriborro berriak ez dakar aurrerapausorik hizkuntza eskubideetan, bi eragileek salatu dutenez. Nafarroako Gobernuak auzitegiaren baldintzetara egokitu nahi duela ukatu egin du Paul Bilbaok, eta, aldiz, berretsi du dekretuaren asmoa «euskaldunak zokoratzea» dela.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, gaur goizean. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Julen Aperribai.
2022ko uztailaren 12a
15:38
Entzun

Nafarroako Gobernuak aurkeztu du administrazio publikoko merezimenduen dekretuaren proposamen berria, baina, duela ia bost hilabete aurkeztutakoarekin alderatuta, aldaketak hutsalak dira, Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera.

Irmo mintzatu da Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, proposamena baloratzeko agerraldian. Oraindik ere «onartezina» dela nabarmendu du: «Moldaketa txikiren bat egin dute, baina ez dute inondik inora aurkeztu herritarren eskubideak ardatz izango dituen dekretu bat». Aurrekoaren gabezia nagusiek bere horretan jarraitzen dutela ohartarazi du Bilbaok; batik bat, lanpostu guztietan ez dela aintzat hartuko euskararen ezagutza. Izan ere, dekretuak zehazten du euskara nola baloratuko duten Euskararen Legearen arabera banatutako hiru eremuetan, eta ondorioa da eremu ez-euskaldunean euskara jakiteak ez duela inolako eraginik izango —bai, aldiz, ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteak— eta eremu mistoan, berriz, lanpostu batzuetan soilik hartuko dutela aintzat.

Egun indarrean dagoen dekretuaren oinarrian Uxue Barkosen gobernuak 2017an onartutakoa dago. Hala ere, haren eduki nagusiak bertan behera utzi zituen Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019an, UGTren salaketa bat dela medio. Kontseiluak salatu du dekretu berriak atzerako urratsak dituela 2017ko dekretuarekin alderatuta, baina baita 2009an UPNren gobernuak ezarritakoarekin konparatuta ere. «Esaterako, lehen ez bezala, orain lanpostu guztietan ez da kontuan hartuko euskararen ezagutza, edota auzitegiak atzera bota ez zituen artikuluak desagerrarazi ditu gobernuak», kritikatu du Bilbaok. Horregatik, haren esanetan «gezurra» da dekretua auzitegiak ezarritako baldintzak betetzeko asmoz egin dutenik: «Gobernuak intentzionalitate eta asmo bakarrarekin prestatu du dekretua: euskaldunak zokoratzea».

Halaber, Bilbaok gogorarazi du egun administrazioko lanpostuen %97tan euskararen ezagutza ez dela derrigorrezkoa. «Baldintza oso makurretatik abiatzen gara, eta dekretuak ez dio erantzuten gizartearen beharrari».

Herritarrei «entzungor»

Iragan maiatzarren 7an milaka lagunek salatu zuten merezimenduen dekretu berriaren proposamena Iruñean, eta, hain justu, horixe gogorarazi du Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Ez hori bakarrik, hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatuz, Nafarroako Gobernuari herritarren 1.700 eskaera aurkeztu zizkiotela ere oroitarazi du, eta salatu gobernuak «entzungor» egin diela biei: «Bai herritarren aldarriari, baita herritarren eskaera zuzenari ere».

Gaur-gaurkoz ere ezinezkoa da Nafarroan zerbitzu publikoak euskaraz jasotzea, Behatokiko eledunak adierazi duenez, eta horrek hala jarrai dezan bermatuko du dekretuak: «Berezko hizkuntzan bizi nahi duten pertsonak desberdinkeriaz hartuko dira, eta beraien hizkuntza erabiltzeko edota garatzeko oztopoak betikotuko dira».

Gobernuak dekretuaren proposamen berria noiz aurkeztu duen ere deitoratu du Gaubekak. Eztabaidari «uko egin nahi izatea egotzi dio, eta «isilpean» onartu nahi izatea «herritarrengan horrenbesteko eragina izango duen araudia». Aitzitik, berretsi du euskalgintzak ez duela onartzen dekretua, eta ziurtatu «beharrezko ekarpenak» egingo dituztela «herritar euskaldunak kontuan hartuak izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.