Frantziako Tourra

Magnus Cort Nielsenek ihesaldia baliatu du irabazteko

Esprintean nagusitu da danimarkarra, eta helmugako argazkia behar izan dute garailea erabakitzeko

Magnus Cort Nielsen, eskubian, eta Nick Schultz, ezkerrean, esprintean. YOAN VALAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 12a
18:26
Entzun

Magnus Cort Nielsenek (Educa on) irabazi du Frantziako Tourreko hamargarren etapa. 25 lagunek lortu dute ihesaldian sartzea, eta haien artean erabaki da garailea esprintean. Faboritoak zortzi minutu pasatxora heldu dira helmugara, eta datozen egunetarako indarrak gorde dituzte. Tadej Pogacarrek jarraituko du lider (UAE), eta Lennard Kamna da orain bigarrena sailkapenean (Bora).

Egun bateko atsedenaldia izan eta gero, albiste txarrak izan dira tropelean goizean goiz. Lau txirrindulari erretiratu egin dira, eta horien artean George Bennet (UAE), COVID-19ak jota. Rafal Majka taldekideak ere positibo eman du, baina karga biral apala zeukanez, Tourrean jarraituko du. Biak ala biak orain arte Pogacarrek izan dituen morroirik fidagarrienak izan dira, eta dagoeneko bi txirrindulari galdu ditu UAEk arrazoi beragatik.

Frantziako lurretan sartu da berriro tropela, Suitza atzean utzita. Morzine Les Portes du Soleilendik irten dira txirrindulariak, eta 148 kilometro egin dituzte Megavera iritsi arte (19,2 km, %4,1). Etapa laburra eta bizia izan da, eta bero handiari egin behar izan diote aurre. Ihesaldia sortzeko lehia bizia izan dute, eta 25 lagunek egin dute aurrera. Sailkapen nagusirako arriskurik ez zegoenez, UAEk baimendu egin du ihesaldia, eta haien artean izan da Ion Izagirre (Co dis). Bitxikeria modura, lasterketa gelditu egin dute, manifestari batzuek errepidea trabatu dutela eta. Hamar minutu egon dira geldi ziklistak, baina berehala jarraitu dute aurrera, ihesaldiak tropelarekiko zeukan abantaila berarekin.

Alberto Be olek (Educa on) bakarrik egin ditu hainbat kilometro aurrean, baina azken mendatea hasi bezain laster harrapatu du ihesean zegoen taldeak. Lehia estua izan dute aurrean, eta eraso asko jo dituzte txirrindulariek. Hainbatek ezin izan diete erantzun, eta taldea asko murriztu da. Izagirrek ezin izan die jarraitu, eta atzean gelditu da.

Bost kilometro falta zirenean, Luis Leon Sanchezek erasoa jo du (Bahrain), eta 30 segundoren aldea ere lortu du. Hiru kilometro beranduago harrapatu egin dute, ordea, Ma eo Jorgensonek (Movistar) eta Nick Schultzek (Bike Exchange). Bi kilometro bakarrik gelditzen ziren, eta esprinterako indarrak gorde nahi zituztela harrapatu dituzte beste sei txirrindularik. Esprintean erabaki da etapa, eta Cort Nielsen gailendu da, Schultzi aurrea hartu ostean. Helmugako argazkia ere behar izan dute garailea erabakitzeko.

Faboritoak zortzi minutu pasatxora heldu dira helmugara, eta Tadej Pogacarrek maillot horiarekin jarraituko du. Kamna da orain bigarren, ihesaldian egon eta gero. Biharko etapa handia izango da, Alpeetan lehenengoa. Bertan ikusiko da UAEren egoera zein den, edo aurkariek nola jokatuko duten Pogacarren taldearen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.