Lan gatazkak

Mercedesen aurreakordioarekin ere, ekoizpena eten du lanuzteak

ELAk, LABek eta ESK-k uste dute plantillak atzera botako duela lan ituna asteleheneko bozketan. Langileen %95 atera da grebara.

Gasteizko Mercedeseko langileak, gaur goizeko batzarrean. L. RICO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 13a
11:48
Entzun

ELA, LAB eta ESK sindikatuak kalera irten dira beste behin, atzo langile batzordearen gehiengoak –CCOO, UGT, Ekintza eta PIM– Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritzarekin lan ituna adostu ostean. Grebalarien iritziko, aurreakordioa «ez da nahikoa», eta aste honetarako deituriko hiru greba deialdiei eutsi diete. Horiek horrela, gaur, bihar eta etzi egingo dituzte lanuzteak.

Lan ituna adostu izanak ez du eragotzi gaurko grebak erantzun zabala izatea. Langileen %95ek egin du planto, eta, beste behin, ekoizpena etenarazi dute. 10:00etan batzar informatibo bat egingo dute akordioa onartu ez duten sindikatuek. Bertan, «sinatzaileek azalduko ez dutena» azalduko dute, baita aurrerantzeko mobilizazioekin zer egin ere.

Lantegiko 5.000 langileek hilaren 18an bozkatuko dute lan itunaren proposamena onartu edo ez. Izan duen erantzunarekin, ELAk, LABek eta ESK-k uste dute astelehenean langile taldeak atzera botako duela atzo onartutako aurreakordioa.

Sindikatu horiek ez dute uste loturarik dutenik lan hitzarmena berritzeak eta Alemaniako zuzendaritzak iragarritako 1.200 milioi euroren inbertsioak. Azaldu dute zuzendaritzak kontuan hartuko dituela industriaren «kalitatea» eta «plantillaren profesionaltasuna», ez «lan baldintzak txikitzeko irizpideak».

Ordea, Roberto Pastor Mercedeseko CCOOeko bozeramaileak dio aurreakordioa eta inbertsioa «guztiz lotuta» daudela, eta 1.200 milioi euro horiek «datozen hamarkadetan lasaitasuna» emango dietela Gasteizko plantari eta euskal industriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.