Indarkeria matxista

Aske utzi dute Iruñeko sexu erasoarekin lotutako gizona

Ezingo da biktimarengana gerturatu, ezta harekin komunikatu ere. Erasotzaileak bere burua entregatu du Foruzaingoan, gaur goizean. Larunbat gauean egindako sexu erasoarekin lotzen dute, eta atzo ekitaldi bat egin zuten, biktimari elkartasuna adierazteko.

Isabel Jaurena - Paulo Ostolaza
2022ko uztailaren 13a
13:14
Entzun

Larunbat gauean Iruñean emakume bati egin zioten erasoaren ustezko egileak bere burua entregatu du Foruzaingoan, gaur goizean. Enrique Maia alkateak eman du albistearen berri: «Nafarroako Gobernutik iritsi zaidan informazioaren arabera, bere kabuz Foruzaingoan aurkeztu da, eta beste probintzia batekoa da». Behin epailearen aurretik igarota, aske uztea erabaki du. Ordea, berrehun metroko urruntze agindua ezarri diote auziaren instrukzio faserako, eta ezingo du emakumearekin komunikatu.

Salaketa jarri zuen emakumea lagun batzuen etxetik irten zen larunbatean, Donibane auzoan. Momentu horretatik aurrera, ez du ezer gogoratzen. Ordu batzuk geroago, Mendillorri auzoko kale batean agertu zen, sexu eraso bat jasan izanaren zantzuekin.

Atzo, Mugimendu Feministak ekitaldi bat antolatu zuen, emakumeari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioan egin zuten hitzaldian, nabarmendu zuten gisa horretako erasoak «onartezinak» direla. Joandako batzuek txistu eta oihu egiten zuten bitartean, hiriburuko lagunarteek euren musika tresnekin parte hartzea erabaki zuten.

22 eraso

Jarraian, Mugimendu Feministako bi kidek testu bat irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. Irmoki adierazi zuten «denak ez duela balio», eta emakumeen espazioa aldarrikatu zuten. «Gu ez gara etxean geratuko; kalea, gaua, eguna, eta jaiak ere gureak dira». Festetan emakumeak «aske» sentitzearen garrantziaz ere aritu ziren, emakumeek espazio guztietan seguru sentitzeko eskubidea dutela nabarmenduz. Hitz egiten zuten bitartean, elkartasun oihuek, txaloek eta zapi moreek estali zuten Gazteluko plaza.

Mugimendu Feministak jakinarazi zuenez, sanferminak hasi zirenetik salaketa andana egon da. Hain zuzen ere, esan zuten «intentsitate baxuko» 21 eraso eta «intentsitate altuko» bat salatu direla, Mendillorrikoa. Bestalde, salatu zuten hainbat emakume ziztatu egin dituztela.

Ikusi gehiago: Tafallan 19 urteko gizon bat atxilotu dute sexu eraso bat leporatuta

Ziztada salaketekin lotuta, Iruñeko Babes Zibileko Batzordeak lasaitasuna eskatu du gaur, horiek salatu dituztenei egindako azterketatan ez delako gai kimikorik atzeman. Ziztatzaileen jokabidea, haren ustetan, «bandalokeria» ekintza bat dela gaineratu du.

Babes Zibileko Batzordeak beste eraso baten berri eman du gaur: ukituak egin dizkiotela salatu du emakume batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.