Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beroaren ondorioak prebenitzeko plana ondu du

Azken hiru egunetan beroak kaltetutako 25 pertsona inguru artatu dituzte. Planean gomendatu dute, besteak beste, zer jan eta zer edan, eta nola jokatu etxean eta kalean.

Langile bat ura edaten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko uztailaren 13a
13:16
Entzun

Azken egunotako tenperatura beroak direla eta, Osakidetzako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak 25 pertsona inguru artatu ditu azken hiru egunetan, eta horietatik hamahiru ospitalera eraman behar izan dituzte. Egoera hori dela eta, eta beroak eragin ditzakeen ondorioak prebenitzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Tenperatura altuegien ondorioak prebenitzeko jarduketa-plana egin du, beroaren kontra hartu beharreko neurriak iragartzeko.

Planean gomendatu dute, besteak beste, zer jan eta zer edan, eta nola jokatu etxean eta kalean. Horrela, ura «etengabe eta egun osoan» edateko proposatu dute, izerdituta galdutakoa berreskuratzeko. Era berean, kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edariak ez edateko gomendatu dute; izan ere, edari horiek «ez dute egarria asetzen, eta gorputzeko likido gehiago galarazten dute».

Elikagaiei dagokienez, entsalada, barazki eta fruta gehiago jatea gomendatu dute, «izerdiagatik galdutako gatz mineralak berreskuratzeko». Horrekin batera, gantz edo koipe askoko elikagaiak saihestea proposatu dute, eta otordu «oparoak» ez egitea.

Ikusi gehiago:Alerta laranja aktibatu dute Araban eta Nafarroan, beroa dela eta; Bizkaian eta Gipuzkoan, horia

Etxea bero gutxien egiten duenean aireztatzeko eta freskatzeko proposatu du Osasun Sailak, eta bero handia izanez gero gorputza ur hotzarekin freskatzeko gomendatu du —aurpegia eta eskuak batez ere—.

Kalean, berriz, eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan eguzkitan egotea saihestu behar dela ere adierazi dute planean. Eguzkitan egonez gero, baina, burua estaltzeko eskatu dute, arropa arina eta transpiragarria erabiltzeko, eta ur asko edateko: «Bi edo lau edalontzi ur orduero». Horrez gain, bero handieneko orduetan ahalegin fisiko handirik ez egitea gomendatu dute.

Pertsona zaurgarriak zaintzeko ere eskatu du Osasun Sailak: «Arreta berezia jarri ume txikiengan, adineko pertsonengan eta gaixo daudenengan». Horrela, adineko pertsonak «gutxienez» egunean behin bisitatzea komeni dela azaldu dute, «zailtasunak» izan ditzaketelako babes neurriak hartzeko orduan. Horrekin batera, gogorarazi du inork ez duela «sekula» aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan gelditu behar, «nahiz eta itzalean egon».

Gainera, ordubetetik gora irauten duen eta tenperatura altuekin lotuta dagoen sintomaren bat izanez gero, hala nola ahultasuna, zorabioak, nekea eta goragalea, osasun arloko langileengana jotzeko eskatu dute. Larrialdi kasuan, ordea, 112 telefonora deitzeko gomendatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.