Arabako etxez etxeko zerbitzuko langileek mobilizazioak hasi dituzte

Lan baldintzak «duintzeko» eta lan hitzarmena berritzeko eskatu dute. Salatu dute langile soziosanitarioak direla baina administrazioak «ahaztuta» dauzkala.

Arabako etxez etxeko zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute gaur. ELA SINDIKATUA
Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 13a
13:45
Entzun

Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazioak eta protestak hasi dituzte, euren lan baldintzen alde. Prentsaurreko bat egin dute gaur Gasteizen, eta gogor salatu dute Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta patronalak egindako kudeaketa. «Langile soziosanitarioak gara, eta herritarrentzako ezinbesteko lana egiten dugu, baina erakundeentzat ahaztuenak gara», adierazi dute. Gaur izan dute lehen protesta eguna, eta elkarretaratzea egin dute, aldundiaren parean. Hilaren 20rako ere deitu dute protestara.

Arabako etxez etxeko zerbitzuko langileen hitzarmena 2020ko abenduaren 31n amaitu zen, eta aldeek hitzarmen berria negoziatu behar dute. Langileek, ordea, gaur salatu dute 2021eko uztailean negoziazio mahaia eratu zenetik administrazioak ez direla batzartu ere egin langileekin.

Lan baldintzak hobetzea nahi dute beharginek. Besteak beste, landa eremuetara egiten dituzten joan-etorrien gastuak konpentsatzeko eskatu diete erakundeei, baina salatu dute Arabako Aldundiko Ongizate Zerbitzuak eskaria ez duela aintzat hartu; are, 2024. urtera arte ez dizkie soldatak igoko. Etxez etxeko langileek lan zama handia dutela gogoratu dute; besteak beste, arreta pertsonala eman, garbiketak egin, botikak eman, otorduak prestatu, eta sendagilearenera joaten dira. Lan horiek denak baldintza «prekarioetan» egiten dituzte, gainera.

Etxez etxeko langileen lana «ezinbesteko gizarte zerbitzua» dela azpimarratu dute, eta «babesa» eskatu diete erabiltzaileei, senideei eta herritarrei, euren eskubideak bermatuak izateko. Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak enpresa pribatuen bitartez azpikontratatuta daukate zerbitzu hori, eta langileek salatu dute atzean «pribatizatzeko» asmoak daudela. Gaitzetsi dute «onura ekonomikoa» ateratzen ari direla zerbitzua aurrera ateratzen duten langileen lan baldintzen kontura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.