Frantziako Tourra

Erakustaldia emanda irabazi du Vingegaardek

Jonas Vingegaardek irabazi du Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa, eta lider jarri da. Tadej Pogacarrek egun txarra izan du, eta hiru minutu galdu.

Vingegaard, helmugan, egindakoa sinetsi ezinda. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 13a
17:49
Entzun

Erakustaldi ahaztezina eman du Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma), Col du Granonen gora (11,3 km eta %9,2) erasoa jo eta gero, eta Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa irabazi du. Orain arte nahieran ibili da Tadej Pogacar (UAE), baina inoiz ikusi ez bezalako txakalaldia izan du, eta hiru minutu galdu ditu lau kilometroko tartean. Aurreko mendatean saiatu da Jumbo-Visma etapa hankaz gora jartzen, baina aise aritu da Pogacar. Estrategiak huts egingo zuela zirudienean etorri da, ordea, Vingegaarden erakustaldia. Hura da lider berria, eta festa espero da hurrengo etapan, Alpe d ́Huezen.

Hogei lagunek lortu dute eguneko ihesaldian sartzea, baina Galibierren gora (17,7km eta %6,9) banaka-banaka atzean gelditu dira gehienak. Warren Barguil (Arkea) gelditu da bakarrik aurrean, eta liderraren taldetxoarekiko bost minutuko aldearekin iritsi da mendatearen gainera.

Bertan hasi da Jumbo-Vismaren estrategia. Galibier luzean gora etapa hankaz gora jartzen saiatu dira. Zenbait eraso jo dituzte Herbehereetako taldeko kideek, Pogacar atzean uzteko, baina ondo erantzun du esloveniarrak. Hala ere, oso txirrindulari gutxik lortu du erritmo horretan irautea. Bertan egon dira Vingegaard eta Primoz Roglic bi taldekiderekin (Jumbo-Visma), Pogacar (UAE), Geraint Thomas (Ineos), Romain Bardet (DSM), eta Nairo Quintana (Arkea).

Roglicek beste bi aldiz aldatu du erritmoa, baina, Pogacarrek, gurpila hartzearekin nahikoa ez, eta erantzun egin du. Nahi bezala aritu da aurreneko hiru mendateetan, eta Roglic atzean gelditu da, ezinean. Vingegaard eta Pogacar elkarrekin heldu dira jaitsierara. Bertan hainbatek lortu dute haiekin bat egitea. Batzuk aurretik ihesaldian ibilitakoak ziren, horien artean Ion Izagirre (Cofidis); beste batzuk, aldiz, atzetik etorritakoak ziren.

Barguil iritsi da lehenengo Granonera. Hiru minutu pasatxora heldu da oilarren taldea, hogei bat ziklistekin, eguneko mendate gogorrenera. Horien artean bost ziren Jumbo-Vismakoak eta Pogacar, Majka taldekidea zeukan alboan. Mendate hasieran atzean gelditu da, berriro ere, Roglic, eta argi gelditu da ez dagoela maillot horiaren lehian.

Estualdi bakoitzean aurreko mendatean pasatu zena pasatu da; banan-banan atzean gelditu dira hainbat txirrindulari, eta taldetxoan ziklista indartsuenak gelditu dira: Pogacar Majkarekin, Vingegaard, Bardet, Thomas, Adam Yates (Ineos), eta Quintana. Azken horrek erasoa jo du helmugarako bederatzi kilometro gelditzen zirenean, eta, haren taldekidea aurrean zeukala, 40 segundoren tartea ireki du faboritoekin. Majkak ezarri du erritmoa talde horretan, eta Bardetek ere erasoa jo du, Quintanaren bila.

Orduan etorri da Vingegaarden mugimendua, eta Pogacar Thomasekin gelditu da atzean, erantzun ezinda. Ordutik aurrera bete egin da esloveniarra, eta, hori ikusita, Vingegaardek atzera begiratu gabe egin du aurrera. Quintana harrapatu, eta berehala utzi du atzean. Sari nagusiaren bila abiatu da, eta pronostiko guztiak hautsi ditu.

Vingegaardek esana zuen beroa «Pogacarrek baino hobeto« jasaten duela, eta, egun eguzkitsu batean etapa irabazteaz gain, astindua eman dio Pogacarri, lehertuta, orain arte inoiz ikusi ez bezala aritu baita esloveniarra. Lau kilometrotan hankaz gora jarri du Frantziako Tourra Vingegaardek, eta hiru minutu pasatxo atera dizkio azken bi urteetako garaileari. Quintana izan da bigarren, minutu batera, eta Bardet sartu da haren atzetik. Thomas, David Gaudu (FDJ) eta Yates ere iritsi dira Pogacarren aurretik, eta hurrengo etapan ikusiko da egun txar bat baino gehiago izan den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.