EKIALDE HURBILA

Biden Palestinako gatazkarako proposamen «formalik» gabe heldu da Ekialde Hurbilera

AEBetako presidenteak bi estatuen irtenbidean sakontzera deituko ditu bi aldeak. Israelen egon eta gero, etzi Zisjordaniara joatekoa da, eta gero Saudi Arabiara.

Biden, gaur, Tel Aviveko aireportuan hitz egiten. EFE
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 13a
17:58
Entzun

AEBetako presidentea denez geroztik Ekialde Hurbilera lehen bisita ofiziala hasi du Joe Bidenek. Gaur iritsi da Tel Avivera (Israel), eta iazko urtarriletik Etxe Zuriko maizterra denak ez du Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konponbidean jartzeko proposamen «formalik» egiteko asmorik. Hala adierazi die kazetariei Jake Sullivan AEBen Segurtasun Nazionaletako aholkulariak. Aireportuan lur hartu eta berehala Bidenek berak agerraldi labur batean nabarmendu duenez, irtenbide «egokiena» bi estatuena da. «Jarraitzen du izaten israeldarrei eta palestinarrei etorkizunean askatasuna, demokrazia eta joritasuna bermatzeko era egokiena». Gaur eta bihar Israelen izango da, etzi Zisjordaniara joatekoa da, eta egun horretan bertan Saudia Arabiara heltzekoa da.

Proposamen zehatzik ez, baina Sullivanen esanetan, Etxe Zuriko maizterrak «animatuko» ditu bi aldeak «ikuspegi bateratu» batera eramango dituen «bide bat» hartzera; hau da, bi estatuen irtenbidean sakontzera. Horiek horrela, Bidenek gogo onez hartu ditu azken egunetako keinuetako batzuk; hala nola, Yair Lapid Israelgo jarduneko lehen ministroak eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko telefono bidez izandako elkarrizketa.

Lapidek aireportuan adierazi duenez, Bidenen bisitak adierazten du Israelen eta AEBen arteko harremanak «hautsiezinak» direla. AEBetako presidentearen arabera, aldebiko harremana «inoiz baino indartsuagoa eta sakonagoa» da. Dena den, aintzat hartu behar da AEBek PANekin harremana dutela berriro —Donald Trump presidente izan zen garaian (2017-2021) etenda egon zen—, eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa laguntzen hasi dela atzera.

Trumpek atzerri politikan hartutako erabaki esanguratsuenetako bat izan zen Jerusalem Israelgo hiriburutzat hartzea, eta ez dirudi Bidenek horretan esku hartuko duenik. Trumpek, gainera, Washingtonek palestinarren auzietarako Jerusalemen zuen bulegoa itxi zuen. Bidenek esan izan du, ordea, hori irekiko duela, baina momentuz ez du aurrerapausorik eman. Sullivanen hitzetan, bidaia diplomatiko honetan horri buruz ere hitz egingo dute Israelgo zein Palestinako agintariekin.

Goi kargudun gisa hamargarren aldiz joan da Biden Israelera —2009 eta 2017 artean, Barack Obama presidente zenean, presidenteordea izan zen—. Gaur, iritsi berritan, misilen kontrako sistema bat ikustera joan da, Benny Gantz Defentsa ministroaren eskutik.

Hamasen erantzuna

Hamasek ez du gogo onez hartu Bidenen bisita. Palestinako erakunde politiko islamistak Efe berri agentziari esan dionez, bidaiaren helburu da «mundu arabiarreko barne banaketak indartzea», eta Israeli «mesede» egitea. Bestalde, Ebrahim Raisi Irango presidentearen esanetan, AEBetako presidentearen bisitak ez dio «segurtasunik» emango Israeli, baldin eta asmoa bada «erregimen sionistaren posizioa indartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.