Babes ofizialeko etxeak

Babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioa igoko du Jaurlaritzak

%13,95erainoko igoera aplikatuko die araubide orokorreko etxebizitzen salneurriari. Helburua da horien eraikuntza sustatzea. Alokairuen eta aldi baterako bizitokietarako kanonen zenbatekoa berdin mantenduko du.

Babes ffizialeko etxebizitzak, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 14a
12:45
Entzun

2010etik izoztuta egon dira babes ofizialeko etxebizitzen gehienezko prezioak, eta horiek goititzeko agindua argitaratu du gaur EAEko Aldizkari Ofizialak. Bizitoki publikoen eraikuntza sustatzeko helburuz, prezioak «kostu errealera» moldatuko ditu Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak. Eraikuntza sektorearen eskakizuna ere bada neurri hori: eraikuntza kostuak garestitu egin dira azken hilabeteetan, eta «egungo prezioetan ezin da etxerik eraiki», Bieba Bizkaiko eraikuntza patronalaren hitzetan.

Araubide orokorreko etxebizitzen salneurriari dagokionez, prezioak %11,9 eta %13,95 artean igoko ditu Jaurlaritzak —udalerri bakoitzaren eta eraikuntza kostuen igoeren arabera—. Dena dela, sailak jakinarazi du 2010etik honako inflazio metatu (ia %17) azpitik dagoela garestitze hori.

Alokairuen eta aldi baterako bizitokietarako kanonak berdin mantenduko ditu Jaurlaritzak. Etxebide zerbitzuaren datuen arabera, alokairu eskatzaileen batez besteko diru sarrerak jaitsi egin dira azken agindutik gaurdaino.

Babes ofizialeko bizitoki tasatuei dagokienez, gehienezko prezioa merkatuko dute, %0,33 eta %10,61 bitartean. Erreferentzia prezioa kontuan hartuz gero, EAEko etxebizitzen gehienezko prezioa «estatuko handienetako bat da», zehaztu dute aldizkari ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.