Indarkeria matxista

EAEko Auzitegi Nagusiak hamabostetik hamabira murriztu dio zigorra gizon bati Beasainen egindako bortxaketa batengatik

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hamabost urteko zigorra ezarri zion, eta zigortuak dei helegitea jarri zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du akusatuak eraso sexuala egin zuela eta lesioak eragin zituela. Gipuzkoan egindako beste lau bortxaketa ere egozten dizkiote. Lasarte-Orian 2015ean egindakoagatik beste bederatzi urtera zigortu zuten.

Bortxaketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten Beasainen. JAVIR ETXEZARRETA / EFE
2022ko uztailaren 15a
11:25
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak hamabost urtetik hamabira murriztu dio gizon bati bortxaketagatik jarritako zigorra. Gipuzkoako Lurralde auzitegiak hamabost urteko zigorra ezarri zion Beasainen (Gipuzkoa) egindako bortxaketa batengatik. Beasainen 2019ko uztailean emakume bat bortxatu zuen gizonezkoak. Beasaingoaz gain, Gipuzkoan egindako beste lau bortxaketa egozten dizkiote. Beasaingo erasoagatik atxilotu zutenean, konturatu ziren atxilotuarena zela Gipuzkoan 2012tik 2019ra bitartean argitu gabe zeuden sei sexu erasotan ageri zen DNA.

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du eraso sexuala egin zuela eta lesioak eragin zituela, baina biak delitu batean jasotzen ditu; ez bereizita, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 2022ko martxoaren 4ko ebazpenak jasotzen zuen moduan. Martxoko ebazpenak hamabi urtera zigortu zuen sexu erasoagatik, eta beste hiru lesioengatik.

Halaber, lehen instantzian eragindako gastuen bi herenak ordaintzera zigortu dute. Zigortuak bost egun ditu kasazio helegitea jartzeko.

Gipuzkoan egindako bortxaketetako beste bat Lasarte Orian egitea egotzi zioten. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2015eko urtarrilean 21 urteko emakume bat bortxatzeagatik. Lasarte-Oriakoa urteberri egunean izan zen, 07:00 aldera, emakumezkoa etxera zihoanean. Gizonak, atzetik heldu, eta kloroformoz bustitako trapu bat jarri zion aurpegian; emakumea konorterik gabe geratu zen, eta erasotzaileak bortxatu egin zuen.

Anoetan, Andoainen eta Tolosan egindako beste bortxaketa bat eta bi sexu-eraso saiakera egotzi dizkiote gizon berari. Horrez gain, akusatuak egindako beste kasu bat –seigarrena– instrukzio fasean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.