SUTEAK

Astebururako larrialdi plana aktibatu du Jaurlaritzak, suteak saihesteko

Zenbait debeku ezarri ditu eguneko ordu tarte jakin batzuetan. Besteak beste, ezin izango da sua eragin dezaketen tresnarik erabili, eta motordun ibilgailuekin landa eremuetan sartzea ere debekatu dute

Ekainean Nafarroan izandako suteen irudi bat. IDOIA ZABALETA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko uztailaren 15a
13:26
Entzun

Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi fasea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osora hedatu du, eguerdian Rodrigo Gartzia Segurtasun sailburuordeak eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak jakinarazi dutenez. Zenbait debeku ezarri dituzte, batez ere landa eremuan. Besteak beste, esan dute debekatuta egongo dela sua egitea edo suteak eragin ditzaketen jarduerak gauzatzea, baita landa eremuetan motordun ibilgailuak erabiltzea ere, gaur 13:00ak eta 21:00ak artean. Adierazi dutenez, arau horiek hausteak «1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak» ekar ditzake.

Hala ere, adierazi dute debeku horiek eguneko ordu jakin batzuetan baino ez direla indarrean egongo, eta egun bakoitzean ezberdinak izango dira ordu tarte horiek. Hain zuzen, Ituartek egunero egingo du agerraldia larrialdi faseak iraun bitartean, egun bakoitzean ordutegi horiek zeintzuk izango diren zehazteko. Gaur, Kantauriar kostaldeko eta Ebroren ardatzaren arteko gunean eta Ebroren ardatzaren inguruan dago ezarrita eremu naranja, eta bertan debekuak 13:00etatik 21:00etara bitartean ezarriko dira.

Basoko suteen ondorioz alerta gorria aktibatzen bada, ordea, eguneko 24 orduetan indarrean egongo dira debekuak. Hauek dira Eusko Jaurlaritzak alerta naranja egoeran ezarritako arauak, puntuz puntu:

- Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea. Adibide bezala jarri dute landa eremuan edo basoan txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.

- Su artifizialak, petardoak eta, oro har, pirotekniako tresnak erabiltzea ere debekatuta egongo da, baita barbakoak egitea ere. Debeku hori hiri eremuetara ere hedatuko da, baita zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore sailetatik 300 metrora baino gutxiagora dauden eremuetara ere.

- Errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea baso pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan. Salbuespen batzuk egongo dira, hala ere: lanpostura edo ohiko bizilekura joateko eta ezinbesteko kasuetan erabili ahalko dira. Horrez gain, debekatuta dago halako ibilgailuekin landa eremuak zeharkatzea edo horietan gelditzea edo aparkatzea.

Sutea Tuteran

Pertsona bat larri zauritu da Tuteran (Nafarroa), alde zaharreko etxe batean piztu den sutearen ondorioz. Erredura larriak izan ditu zaurituak, eta erreskate lanetan ari ziren hiru suhiltzailek ere osasun arreta jaso behar izan dute, kea arnasteagatik eta erredurengatik. Sutea jada kontrolpean dagoela adierazi du Nafarroako Gobernuak, baina adierazi du balitekeela sutea piztu denean etxe barruan beste pertsonaren bat egotea.

Suhiltzaileak oraindik lanean ari direla zehaztu du, bilaketa lanetan. 11:30ak inguruan jaso dute deia larrialdi zerbitzuek, eta oraindik ezin izan dute jakin zein izan den sutearen arrazoia; etxeko teilatua erori da suaren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.