Katalunia

Sanchezek eta Aragonesek elkarrizketa mahaiari berrekitea adostu dute

Uztailaren azken astean bilduko da, Madrilen. Hamar hilabeteren ondoren, gaur egin dute aldebiko bilera Kataluniako Generalitateko eta Espainiako Gobernuko presidenteek.

Pedro Sanchez eta Pere Aragones, gaur, Moncloan. EMILIO NARANJO / EFE
Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko uztailaren 15a
15:17
Entzun

Hizketan segitzea adostu dute. Moncloan bildu dira gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Pere Aragones Kataluniako Generalitatekoa, eta bi gobernuen arteko elkarrizketa mahaia berriz ere martxan jartzea adostu dute. Elkarrizketa bide hori normalizatzea zen gaurko bileraren helburua, besteak beste, Pegasus sistemaren bidezko politikari independentista katalanen aurkako espioitza kasuek ekarritako tentsioen ondoren. Uztaileko azken astean elkartuko da elkarrizketa mahai hori, Madrilen.

Iazko irailean bildu ziren azkenengoz Sanchez eta Aragones, elkarrizketa mahaian. 2020ko otsailean sortu zuten —orduan Quim Torra zen Kataluniako presidente—, eta bi aldiz baino ez da elkartu ordutik. Gaurkoa bi presidenteen arteko aldebiko bilera izan da, eta, 12:00 aldera hasita, ia bi ordu iraun du.

Joan den ostiralean, Felix Bolaños Presidentetza ministroa eta Kataluniako Generalitateko Presidentetza kontseilari Laura Vilagra elkartu ziren, «elkarrizketarako eta negoziaziorako akordio esparrua» adosteko. Besteak beste, «judizializazioa» amaitzeko eta elkarrizketaren alde egiteko konpromisoa hartu zuten. Izan ere, Pegasus espioitza auzia azalarazi zenetik, bi gobernuen arteko harremanak makaldu egin dira, eta ERCk, esaterako, babesa kendu zion Sanchezen gobernuari Espainiako Kongresuan.

Bolañosen eta Vilagraren arteko batzar horrek prestatu zuen Sanchezen eta Aragonesen artekoa. Orain, negoziaziorako mahaia berreskuratuta, akordio zehatzetarako garaia heldu dela uste du Kataluniako presidenteak. Bileraren ostean egin duen agerraldian esan duenez, bi aldeen nahia da mahaia biltzen denerako «akordio partzialak» onduta edukitzea. «Jasan dugun espioitzak konfiantza apurtu du, eta, konfiantza hori berreskuratzeko, ezinbestekoa da akordioak lortzea. Akordioak dauden neurrian hartuko dugu berriro konfiantza». Horretarako «lanean» ari direla gehitu du.

Gatazka politikoaren «desjudizializazioa» eta «errepresioaren amaiera» lehentasun izango ditu Generalitateak, konponbiderako «oztopo» direlako. Aragonesek berretsi du amnistia izango dela Kataluniako Gobernuaren proposamena, eta Espainiako Gobernuak bereak aurkeztu beharko dituela. Ez dio aipamen zuzenik egin nahi izan sedizio delituaren erreforma bati. «Errepresioaren» alorra «oso zabala» dela eta «modu askotan» gertatzen dela esatera mugatu da.

Catalangate auziari dagokionez, Aragonesek garrantzia aitortu dio Espainiako Gobernuak auzi horretan justiziarekin elkarlanean aritzeko agertu duen konpromisoari. Kataluniako gobernuburuak berak kereila bat aurkeztu zuen uztailaren 5ean CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendari ohi Paz Estebanen aurka eta Pegasus espioitza sistemaren jabe den NSO Israelgo enpresaren aurka. Aragonesek prozesu horretan Espainiako Gobernuaren elkarlana izatea espero du, eta berdin Kataluniako zenbait buruzagik auzi berari lotuta aurkeztu dituzten salaketetan ere.

Generalitateko presidenteak, hala ere, ez du amaitutzat jo espioitzaren krisia. «CNIko burua zena kargugabetuta bakarrik, ez dago konponduta». Ezinbestekotzat jo du «kriminalizazioa eta errepresioa amaitzea».

Bileraren ondoren, Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikarako ministro eta gobernuaren bozeramaileak azaldu du presidenteek inflazioaren, azpiegituren eta Europako Batasunaren funtsen inguruan ere hitz egin dutela. Gatazka politikoaren «desjudizializazioari» buruz, adierazi du bi aldeek «etenik gabe» egin dutela lan «zenbait bide» jorratzeko. Aitortu du «desberdintasun izugarriak» dituztela arazoaren gaineko ikuspegian, eta elkarrizketa dela «aurrera egiteko modu bakarra». Rodriguezen arabera, Espainiako eta Kataluniako gobernuek berreskuratu dute «instituzioen arteko harremanek eskatzen duten normaltasuna».

JxCren parte hartzea

Negoziazio mahaiaren hurrengo bilerari begira, Rodriguezek uste du JxC Junts Per Catalunyak egon beharko lukeela: «Mahaiko akordioek gizartearen gehiengo zabal eta zeharkako baten isla izan behar dute. Desiragarria litzateke bi koalizioetako alderdi guztiek parte hartzea». Aragonesi gaiaz galdetu diotenean, erantzun du JxC elkarrizketan engaiatzea gustatuko litzaiokeela, baina haren erabakia errespetatuko duela.

JxCk ez du oraingoz mahaiaren gaineko bere iritzia aldatu. Guztiz antzua dela uste du, eta aste honetan bertan, Miriam Nogueras alderdiak Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak aurreratu du ez dutela mahaiarekin «soroslearena» egingo.

ERCrekin batera Kataluniako Gobernuan koaliziokide den indarrak bere kongresua amaituko du asteburu honetan, eta alderdiaren txosten politikoa bozkatuko dute han. Txostenaren gai nagusien artean izango dira negoziazio mahaiarekiko jarrera, Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontrako auzia eta Aragonesen gobernuaren etorkizuna.

Azken horri lotuta, batzorde txostengilearen proposamenak honela dio: «Juntsek independentzia prozesua burutzeko proposamen sorta bat aurkeztuko du 2022ko politika orokorreko eztabaidan. Gainerako alderdi independentistekin akordio bat lortzen ez bada, eta gobernu akordioaren balantzea kontuan hartuta, Juntsek egoera horri egokitutako ekinaldiak aurkeztuko dizkie bere oinarriei; horien artean, gobernuan jarraitu ala ez erabakitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.