Gertaerak

Kezka eragin dute turistak Bilboko Salbeko zubitik jauzi egiten erakusten duten bideoek

Udaltzaingoak adierazi du ingurua zainduko duela, beste inork salto egitea galarazteko. Zubiak 23,5 metroko garaiera du, eta kolpea hilgarria izan daiteke.

Jauzilarietako bat, zubian, eta airean. INTERNET
Edu Lartzanguren.
2022ko uztailaren 15a
16:38
Entzun

Bideo batzuk bolo-bolo zabaldu ziren atzo sare sozialetan. Horietan, gutxienez bi gazte agertzen dira Bilboko Salbeko zubitik beren buruak botatzen Ibaizabalera. Uretan beste hiru pertsona ikusten dira; beraz, litekeena da haiek ere jauzi egin izana bideoa grabatzen hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago.

«Ok, Tim, aurrera!», esaten dio gazte batek zubiko espaloitik salto egiteko prest dagoen bati. «3, 2, 1», zenbatzen dute, eta jauzi egiten du. Segundo gutxiren ostean, uraren kontrako kolpe gogorraren hotsa entzuten da. Bigarren jauzia are beldurgarriagoa da, jauzilariak bizkarrez egiten duelako. Airean itzulia hartu ostean, zutik erortzen da uretara. Denek kaleko oinetakoak daramatzate, eta, beharbada, horrek laguntzen du oinak kolpetik babesten.

Ez dute esan noiz grabatu dituzten bideoak. Twitterreko erabiltzaile batek idatzi du atzo bertan gertatu zela. Jauzilariak «turistak» direla esan dute hainbat iruzkingilek. Baliteke bideoa ez izatea atzokoa, baina sareetan zabaldu izanak kezka eragin du, halakoak hedatzen direnean sortzen direlako imitatzaileak. Hori dela eta, Bilboko Udaltzaingoak inguru hori zainduko du aurrerantzean, beste inork salto egitea galarazteko, hainbat hedabidek adierazi dutenez.

Salbeko zubiak 23,5 metroko garaiera du galtzadako punturik altuenean. Hau da, eraikin bateko zortzigarren edo bederatzigarren solairutik jauzi egitea bezala da.

Handik egiten dute salto Red Bull Cliff Diving lehiaketako jauzilariek.

Baina teknika landua behar da halako jauziak egiteko. Arriskutsua da oso prestakuntzarik gabe egitea, eta, zer esanik ez, alkoholaren eraginpean. Izan ere, altuera horretatik jauzi egiten duenak orduko 100 kilometroko abiada baino handiagoa dauka urarekin talka egiten duenean. Horregatik, zutik erortzea da minik ez hartzeko aukerarik hoberena. Apur bat desbideratuz gero, hiltzeko arriskua dago.

Espainiara edo Herrialde Katalanetara doazen turistek hoteleko balkoitik igerilekura jauzi egiteko duten ohiturarekin parekatu dute sareetako erabiltzaile askok bideoan jasotakoa. Horren inguruan eginiko estatistiken arabera, hoteletako jauzilariak gizonezko britainiarrak izaten dira, batez beste 24 urtekoak, eta ia guztiek (%95) alkohol maila altua izaten dute odolean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.