Lan gatazkak

Bizkaiko eraikin garbitzaileek 1.200 euroko soldata lortuko dute 2024an

UGTk, CCOOek eta LABek %12,9ko igoera dakarren akordiorako oinarri bat adostu dute patronalekin. ELAk ez du bat egin, erosahalmena «galtzea» ekarriko duelako

Garbitzaile bat prentsaurreko batean, iragan apirilean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 15a
17:48
Entzun

Duela lau hilabete ekin zioten grebak antolatzeari Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek, lan itun berria hitzartze aldera. Martxo amaieran mobilizazioekin hasi zirenetik, hamar bider atera dira kalera sektoreko langileak. Eta, azkenean, urte eta erdiko negoziazioen ostean, sindikatuen gehiengoak akordio baten oinarria egin du ASPEL eta ASELBI patronalekin. 12.000 langileri baino gehiagori eragingo dio, eta, langileek onartuz gero, indarrean izango da 2021-2024 artean.

Kaleko garbitzaileekiko soldata arrakala amaitzeko, aldarrikapen nagusia zuten hilean 1.200 euroko soldata jasotzea, hamabost ordainsaritan. Horixe bera bermatzen diela nabarmendu du LABek. Horrela, 2022 eta 2024 artean, guztira %12,9 igoko dituzte garbitzaileen soldatak, 2020arekin alderatuz gero. Zehazki, soldata igoera hauek dakartza: igoerarik ez 2021erako; %1 2022ko urtarrilerako, eta %2 uztailerako; %2 2023ko urtarrilerako, eta %3,5 uztailerako; 2024an, lanaldi osoko hileko soldata 1.200 eurora iristeko adinakoa izango da igoera: %3,8koa, hain zuzen.

Gainera, 2020-2023 bitarteko KPIa hitzartutako %12,9tik gorakoa bada, 2025ean gehienez beste %2ko igoera aplikatzeko aukera aurreikusten da.

Halere, sindikatuek gogoratu dute garbitzaile askok lanaldi laburragoa dutela. Horren harira, enpresetan hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko batzorde bat sortzea eztabaidatuko dute, hilabeteko epean. Lanaldi partzialak luzatzeko aukera eskainiko du. UGTren iritziko, «zalantzarik gabeko aurrerapausoa da». Arabako eta Gipuzkoako hitzarmenek dagoeneko badute aukera hori.

Bizkaiko garbitzaileen aurreko lan hitzarmena 2020ko abenduan amaitu zen, eta, orduan, 11.721 langileri eragiten zien. Ordutik hona lortutakoarekin pozik agertu da LAB. Garaipen bat izan da urte eta erdiko lana: «Ez da gatazka txikia izan: multinazional handien aurkako borroka izan da».

Ordezkaritza sindikalaren gehiengoak onetsi du akordioaren oinarria: UGTk %30 du, CCOOk %19, eta LABek %13. ELAk ez du bat egin, haren iritziz garbitzaileen «soldata galera» ekarriko duelako. Sindikatu haren arabera, KPIaren erreferentzia albo batera uzten du hitzarmenak; ez ditu bermatzen azken bi urteetako KPIen mailak. Bestalde, «sinaturiko akordioak ez du jasotzen soldata arrakala amaitzeko erreferentziarik», jakinarazi du ELAk.

Paperak ere hitzarmena

Bizkaiko garbitzaileek ez ezik, Gipuzkoako papergintza sektorean ere aurreakordioa sinatu dute LABek eta CCOOek —bien artean negoziazio mahaiko ordezkapenaren %51,01 dute—. Negoziazioak hasi eta zazpi hilabetera sinatu dute. Hauek dira dakartzan onurak: 2022rako eta 2023rako soldata igoeretan KPIa bermatzea, eta 2024rako eta 2025erako KPI + %1 igoera; ultraaktibitate mugagabea; gaur egun indarrean dagoen errelebo kontratua berritzekotan, baldintza beretan aplikatzea langile guztientzat; indarkeria matxistari lotutako baimen berezia; eta bikotekidea edo seme-alabearen bat hiltzen bada lehen lanegunetik hastea baimena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.