Sorturen V. Nazio Konferentzia

Sortu: «Apustu garbia egiten dugu EH Bilduk eta EH Baik ahalik eta erakunde gehien gobernatzeko»

Arkaitz Rodriguezek «banaketa eta kontsumo ereduaren errotikako eraldaketa» defendatu du, alternatiba bat sortzeko.

Arkaitz Rodriguez, gaur eguerdiko hitzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 16a
14:29
Entzun

Sorturen V. Nazio Konferentzia alderdiaren «etorkizuneko erronkak finkatzeko unea» izan da. Alderdiko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du topaketan, eta ezkerreko subiranismoa jo du «eskuin erreakzionarioak» geratzeko eta «zibilizazio berri bat» eratzeko bide gisa: «Guk badugu estrategia, badugu plana, badugu grina, eta badugu indarra». Hala, hauteskunde ziklo berrian instituzioetan indartzeko helburua jarri du.

«Garai historiko berezia» da gaur egungoa, Rodriguezen hitzetan. Hiru argudio plazaratu ditu ideia hori defendatzeko. Batetik, adierazi du «historian lehen aldiz» kapitalismoa «kolokan» jartzen ari dela bizitzaren iraupena bera. Bestetik, «inoizko ezberdintasun sozial handienak» eragin izana egotzi dio sistema ekonomiko berari. Horiei «erregai fosil merkeen aroaren» amaiera gehitu die. «Horrek guztia aldatuko du». Egoera horren kontziente izatea oinarrizko baldintzatzat jo du zirt edo zart egiteko: «Edo lanaren, aberastasunaren eta zaintza lanen banaketa erradikala egiten da, edo pobretze orokortu batera goaz».

«Arriskuekin» batera, ordea, «aukerak» ere sortu direla azaldu du Sortuko idazkari nagusiak, eta Gabriel Boric Txileko presidentearen eta Gustavo Petro Kolonbiako haren homologoaren garaipenak jo ditu horren adierazletzat. Haiekin batera, Sinn Feinen azken emaitzak eta Eskoziak bigarren independentzia erreferendumerantz hasitako bidea ere aipatu ditu, «olatu feminista eta ekologistarekin» batera. Beraz, defendatu du «bataila horren emaitza» ez dagoela idatzita. «Botere bokazio eta botere estrategia argi batekin eman beharra dago bataila hori», gehitu du, eta bost erronka nagusi finkatu.

Rodriguezen esanetan, beharrezkoa da krisi ekonomikoari aurre egitea, hura «betikoek ordaindu» ez dezaten. Hala, ezinbestekotzat jo ditu zenbait aldaketa: besteak beste, energia merkatua eta sektore estrategikoetan esku hartzea, «kontrol publikoa bermatzeko»; gutxieneko soldata eta pentsioak Euskal Herriko «errealitate sozioekonomikora eta hemen dagoen indar harremanera» egokitzea; zaintza sistema publiko bat eraikitzea; eta hezkuntzaren eta osasunaren «merkantilizazioa» amaitzea. «Aberatsek, enpresa handiek, oligopolio elektrikoak eta bankuek ordaindu behar dute, haiek baitira erantzule nagusiak», aldarrikatu du.

Berehalako neurrietatik harago ere, «banaketa eta kontsumo ereduaren errotikako eraldaketarako» neurri estrategiko eta estrukturalen beharra ere adierazi du Sortuko idazkari nagusiak: «Utopiaren bandera altxatu beharra dago, kapitalismoaren parez pare alternatiba erradikal eta integrala aldarrikatu». Helburua gizarte sozialista bat eratzea da, haren hitzetan; «interes eta eskubide kolektiboak» lehenetsiko dituen gizarte bat, «bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituena».

Burujabetza ezkerretik

Errotiko aldaketek «zibilizazio berri bat» eraikitzera eramango lukete gizartea. Afera horretan, «burujabetzaren eta estatu propio baten aldeko» borroka da estaturik gabeko herrien ekarpena, Rodriguezen hitzetan: «Ez dago prozesu independentista baino egitasmo iraultzaileagorik». Izan ere, azaldu du Euskal Herrian «borroka askatzaile oro» nazio askapenetik igarotzen dela. «Botere politikoa behar dugulako borroka askatzaile horiek guztiak bururaino eramateko», argudiatu du.

Rodriguezek ezinbestekotzat jo du, beraz, ezkerreko subiranismoa indartzea, «kaleetan eta instituzioetan». Hala, EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi du, eta proiektua sektore berrietara zabaltzearen alde agertu da, «fronte zabal subiranista eta aurrerakoi bat» eratzeko. «Apustu garbia egiten dugu EH Bilduk eta EH Baik ahalik eta erakunde gehien gobernatzeko». azaldu du: «Gu irabazteko jaio ginelako, eta irabazi egingo dugulako». Horri guztiari erantzuteko «herri bulkada berri bat» martxan jartzeko beharra ere adierazi du: «Herri honek bere energia komunitarioak aktibatu, artikulatu eta askatzea».

Prozesu horrek hiru helburu nagusi ditu, Rodriguezen arabera: «eskuin erreakzionarioak gelditzea»; «eskubide sozial eta ekonomikoak berreskuratzea»; eta, eskuina Espainiako Gobernura iritsiz gero, «erasoaldi errepresiboari» herri gisa aurre egiteko indarra metatzea. «Azkenean nagusitzen badira, gogotik ordainduko dugulako; emakumeek, LGTBI kolektiboak, langile eta herri sektoreek, herriek», azaldu du. Indar haiei adierazi die, ordea, iraganean jada «porrot» egin zutela ezker abertzalearekin amaitzeko saiakeretan: «Hemen gaude, gure banderekin, gure aldarrikapenekin, inoiz baino irribarre zabalagoa ahoan. Eta hemen jarraituko dugu irabazi arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.