Mugak Zabalduz karabanak mugetako «kontrol arrazistak» salatu ditu

Karabanak Pirinioetatik Alpeetara arteko bidea egingo du, Europan migratzaileei ezartzen dizkieten mugetan barrena. Bidasoko muga igaro nahian hildakoak omendu dituzte.

Mugak zabalduz karabanako kideak Bidasoko mugan hildako migatzaileak omentzen, Irunen, gaur goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko uztailaren 16a
17:09
Entzun

«Nabarmendu nahi dugu ilegalak edo irregularrak ez direla pertsonak, baizik mugak. Urteetan hemen ipintzen ari diren kontrol arrazistek jendea behartzen dute sarbide gero eta arriskutsuagoak bilatzera». Carovane Migranti taldeko Giacomo Donadioren hitzek azaltzen dute aurtengo Mugak Zabalduz karabanaren aldarrikapenen funtsa. Gaur goizean, prentsaurrekoa eman dute Mugak Zabalduz karabanako, Caravana Abriendo Fronteraseko, Irungo Harrera Sareko, Carovane Migrantiko eta Aita Mari erreskate ontziko ordezkariek, Irun eta Hendaia (Lapurdi) batzen —edo banatzen— dituen Santiago zubian. Muga kritikatu, eta migratzaileentzako pasabide seguruak exijitu dituzten.

Migrazioaren historia errepasatu du Irungo Harrera Sareko Itziar Gomezek: «1972an, Bidasoa ibai honetan 130 pertsona migratzaile ito ziren, 80 portugaldar eta 50 afrikar». 50 urte beranduago, historia errepikatzen ari ari da: eman dituzten datuen arabera, azken urtean bederatzi migratzaile hil dira Bidasoko muga inguruan. Irmoki gaitzetsi du migratzaileei ematen dieten tratua: «Hendaia eta Irun arteko muga honetan gaude, eta egunero ikusten ditugu kontrol zorrotzak eta arrazistak, gizatasuna kentzea, kanporaketa ilegalak, pertsona zuriak beltzak umiliatzen». Alternatibak galdegin ditu: «Giza korridoreak eskatzen jarraituko dugu denontzat, izan zuri ala izan beltz, migratzaileen oinarrizko eskubideak defendatzen, Euskal Herria harrera herria izan dadin aldarrikatzen».

Eta hildako horiek guztiak ere omendu dituzte prentsaurrekoa amaitu bezain pronto: «Hemen azken arnasa eman zuten migratzaileen oroiminez» jartzen duen monolitoa inauguratu dute zubiaren alboan. Aldarrikapenek ez dute etenik izango arratsaldean. Baionako Pausa harrera zentrotik giza katea egingo dute.

Hasi baino ez da egin

Garai batean eta gaur egun migratzaileei Europan jarritako mugak eta errepresio guneak ari dira markatzen Mugak Zabalduz karabanaren ibilbidea. Bidea hasi baino ez dute egin: Euskal Herrian egon dira atzo eta gaur, Bidaso inguruan, eta Irundik aterako dira bihar. Antolatzaileen esanetan, 150 lagun inguruari dira parte hartzen; Euskal Herrikoak dira asko, baina Herrialde Katalanetatik, Madrildik eta Italiatik etorritakorik ere bada. Pirinioak eta Alpeak zeharkatuko dituzte, eta hainbat bisita egingo dituzte. Besteak beste, Gurseko (Biarno) kontzentrazio esparru ohira joango dira, baita Frantziaren eta Italiaren arteko mugan dagoen Claviere herrira ere. Hamar egunen ostean, karabana Bartzelonan amaituko dute, hilaren 24an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.