ARRAUNA

Oriorentzat bandera eta lidergoa, etxean

'San Nikolas' ontzia aise nagusitu da Orioko estropadan, Euskotren ligako bosgarren jardunaldian. Oriok hamar segundo atera dizkio Donostia Arraun Lagunak-i.

jarraia216053.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 16a
18:48
Entzun

Etxeko estropadak beti izaten dira bereziak, eta berezitasun horretan, Oriok ez du hutsik egin bere herriko estropadan, Euskotren ligako bosgarren jardunaldian. Hasieratik amaiera arte buru-buruan egon ostean, Nadeth Agirre San Nikolas ontziko patroiak denboraldiko hirugarren bandera astindu du, kai-muturrean eta itsasontzietan zeuden jarraitzaile oriotarren aurrean.

Orioko estropada eremua benetan teknikoa izan ohi da; izan ere, olatuek laugarren kaletik lehenengo kalerako norabidea izaten dute. Gainera, kanporanzko bi luzeetan olatuek istribor aldetik jotzen dituzte traineruak. Gaurkoan, bestalde, marea biziak izanik, itsaslaster handiagoa zegoen, eta, beraz, patroiek eta arraunlariek galtzak bete lan izan dute ontzia orekatuta eramateko. Zailtasunak zailtasun, patroiek euren abilezia erakusteko eremu aproposa. Gaurkoan, behinik behin, Agirre moldatu da hobekien. Bigarren postuan Donostia Arraun Lagunak sailkatu da, garaileengandik hamar segundora. Donostiarra helmugaratu da hirugarren, hogeira; eta Tolosaldea laugarren, 29ra.

Tolosaldea ospe txarra duen lehendabiziko kaletik aritu da; izan ere, gainerako kaleekin alderatuta, eremu hori besteek baino zikinxeago egoten da, olatuen errepunpen ondorioz. Donostia Arraun Lagunak bigarrenetik aritu da; Orio, hirugarrenetik; eta Donostiarra, laugarrenetik. Lau ontziek irteera bizi-bizia egin dute, baina San Nikolas-ek berehala hartu du burua. Arraunketa sendotu ahala, Oriok aurrera egin du, eta Lugañene ontzian zihoazen arraunlariek traineru horia begitik galdua zuten ordurako. Ohiko erritmoa zeramaten Francesen arraunlariek; minutuko 36 arraunkadakoa. Donostiarrak eta Tolosaldeak, berriz, atzerapen nabarmena zuten. Azken horiek majo sufritu dute.

Lehen luzearen erdian, Oriok Arraun Lagunak-i ontzi bat baino gehiagoko abantaila kentzen zion. Agirrek Francesek emandako datua jaso ostean, haren kuadrillari eman dio datua, gogotik hauspotu da. Ziabogara heldu baino lehenago, lemaizain oriotarrak hamarrekoa eskatu die arraunlariei, eta joaldi ikusgarria egin dute oriotarrek. Nola ez, eurak izan dira ziabogara heldu diren lehenak, eta Agirrek eta Maria Victoria Piñeiro aurrekalariak traineruari azkar eman diote ziaboga; Lugañene-k zazpi segundo geroago biratu du; Donostiarrak, berriz, hamar segundoko atzerapena izan du; Tolosaldeak, aldiz, 21ekoa.

Itsasoa oso mugituta ez zegoenez, ezustekoak suertatzeko aukera gutxiago zegoen. Orioren mesederako zen hori. Dena den, Francesen taldeak ez dute erritmoa lasaitzeko astirik, eta lanean serio jardun dute, amaieraraino. Agirrek ontzia nahi zuen lekutik eramateko parada zuenez, olatuen eta haizearen norabideari jarraitu dio; pala handia aldian-aldian uretatik atera eta San Nikolas hirugarrenetik zerora nabigatu du. Lemazain oriotarrak tranpaldora igota arraunlariei hau esan die: «Gozatu eta gozatu!». Eurena izan da garaipena.

Banderaz gain, liderraren elastikoa bereganatu du Oriok, eta Arraun Lagunak-i puntu bakarra ateratzen dio. Donostiarrak hirugarren postua gehiago sendotu du, eta hiru puntuko abantaila dauka Tolosaldea laugarrenarekiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.