Arrauna

Bandera, 31 eskutik edukita

Hondarribiak sasoiko lehen garaipena lortu du Orion, Eusko Label ligako bosgarren jardunaldian. Berdeek hiru segundo atera dizkiote Donostiarrari. Epaileek Cabo eta Ares kanporatu egin dituzte.

jarraia216054.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 16a
22:29
Entzun

Emaitza aldekoak ez direnean, zenbait prestatzailek arbelean klera zuriz lehendabizikoz idatzitakoa fin-fin mantendu eta eskifaia bere horretan uzten dute; besteek, berriz, zirt edo zart, neurriak aldatu edota arraunlariak tostaz txandakatzearen aldekoak dira. Aurreko asteburutik, Mikel OrbaƱanos Hondarribiko entrenatzaileak lau arraunlari tostaz mugitu ditu Orioko (Gipuzkoa) estropadan: ababorrean, Manex Aldai traineruaren aurrera bota du, bosgarren tostara, Xabier Etxebeste hirugarrenean jarriz. Istriborrean, Urko Redondo seigarrenean ipini du, eta Battit Ondikola aurrekalari. Bada, mugimendu horiei zuku gozoa atera die Ama Guadalupekoa ontzi berdeak. Sasoiko lehen bandera irabazi du. Traineru Kluben Elkartea sortu zenetik, Ioseba Amunarrizek zazpigarrenez astindu du trapu horia.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, haizea ahultzen joan bazen ere, estropada eremua teknikoa eta bihurria zen; izan ere, olatuak traineruei txopatik sartu beharrean, istribor aldetik heltzen zitzaizkien. Beraz, arraunketa ez galtzeak berebiziko garrantzia zeukan. Azkeneko txandan joan da garailea, lehenengo kaletik; haren ondotik, hurrenez hurren, Donostiarrak, Oriok eta Urdaibaik egin dute arraun. Bizi-bizi atera dira lau ontziak, eta lehen txanpa indartsuaren ostean, Hondarribiaren ontziaren branka besteen aurretik ageri zen. Segundo bateko aldea lortu dute Amunarrizek eta haren kuadrillak; itsasoan, ordea, hutsaren hurrengoa.

Lehen luze erdia egiterako, Oriok uste baino atzerapen handiagoa zeukan: lau segundokoa. Urdaibaik, Donostiarrak eta Hondarribia, berriz, segundo eskasean heldu dira ziabogara. Bou Bizkaia-k hiru segundoan ondu du bigarren txandan aritu den Zierbenaren denbora. Maniobraren ostean, lehen hiru ontziak nor baino nor gehiago ibili dira, alboko olatuak ahalik eta gehien probestu nahian. Lehenengo eta bigarrengo kaleetan, antza, olatuak zertxobait bilduagoak ziren kanpoko kaleetan baino. Horren ondorioz, Urdaibaik gehiago sufritu du, eta, Donostiarrak eta Hondarribiak hanka egin diote. San Nikolas, berriz, banderaren lehiatik kanpo zegoen.

Barruko balizetara heltzeko laurehun metro falta zirenean, Ama Guadalupekoa-k olatu bat hartu du, eta Torrekua-ri tartea zabaldu dio; bizpahiru tostetakoa. Ostera, ziaboga egiterako orduan, Ondikola Hondarribiko aurrekalariak beranduegi sartu du estoketa, olatuaren kolpearen ondorioz, eta, Amunarrizi joan egin zaio ontzia, Donostiarraren mesederako. Aurretik atera dira Igor Makazagarenak. Urdaibai bost segundora heldu da; Orio, 11ra.

Lau traineruek haizea ipar-ekialdekoa zutela ekin diote hirugarren luze gogorrari, eta guztiak istribor aldera jo dute, itsaslasterra baliatzeko asmoz. Bermeotarrek ez zuten nahi atzean gelditu. Gorka Aranberri patroiak gehiago eskatzen zien arraunlariei; jo eta jo ari ziren, eta lehenbailehen ziabogara iritsi nahi zuten, aurreneko kaleetara hurbiltzeko. Egindako ahalegina, baina, hutsala izan da, eta ontzia biratzerako Donostiarra eta Hondarribia popareko jardunean ziren.

Azken luze bete-betean sartu dira lau oilarrak, eta bandera Hondarribiaren eta Donostiarraren artean erabakiko zela argi geratu da. Olatuek laugarren kaletik lehendabizikora jotzen zutenez, Arkaiz Diaz Donostiarrako patroiak istribor aldera jo du Torrekua, itsu-itsuan. Baina han zuen zain beste lemazain beteranoa: Amunarriz. Lehen kalea Ama Guadalupekoa-rena zen, eta bere kaleari sendo eutsi dio. 31 eskutik edukita, bikain baliatu ditu kartak. Zehazki, berdeek olatu luze bat baliatu ostean, hiru segundoko altxorra lortu dute, eta ontzi bateko aldearekin egin dira banderaren jabe. Urdaibai 11ra heldu da, eta Orio 22ra. Lau horiek ariko dira Zierbenako (Bizkaia) estropadako ohorezko txandan, bihar (12:15, ETB 1).

Muga-mugako maniobra

Zierbena nagusitu da bigarren txandan, Kaikurekin lehia estua izan eta gero. Getaria sailkatu da hirugarren, eta Santurtzi laugarren. Bi talde horiek lehen txandan ariko dira bihar, Caborekin eta Aresekin batera. Hain justu, Galiziako bi ontziak atzoko protagonistak izan dira; azken txanpan, biak beren kaleetan ez zirela, Hugo Rascado Areseko patroiak muga-mugako maniobra bat egin du ababorrera, eta Santa Olalla de Lubre ontziak eta Cabokoak elkar talka egin dute. Epaileek biak kanporatzeko erabakia hartu dute, gorrien gusturako izan ez dena. Biek ez dute punturik bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.