Atletismoa

Fred Kerley, errege berria ehun metrokoan

Estatubatuarra izan da Munduko Atletismo Txapelketako protagonista nagusia. Luzera jauzian Juanan Wang txinatarra izan da garaile, eta Letesenbet Gidey etiopiarra 10.000 metrokoan, besteak beste.

Kerley urrezko dominarein, atzo, Eugenen (AEB). ROBERT GHEMENT / EFE
2022ko uztailaren 17a
14:40
Entzun

Estatu Batuetako korrikalariak dira azkarrenak ehun metrokoan. Horixe baieztatu du diziplina horretako finalak: Fred Kerley izan da azkarrena (9:86), Marvin Bracy (9:88) eta Trayvon Bromell (9:88) herrikideen aurretik. Eugenen (AEB) ari dira jokatzen Munduko Atletismo Txapelketa.

Denboraldiko errekorra ere Kerleyk du (9:76), eta atzoko garaipenari esker marka bat hautsi du: Munduko Txapelketetan ehun eta 400 metroko lasterketetan dominak dituen lehen korrikalaria bilakatu da.

Euskaldunei dagokienez, Asier Martinez 110 metroko hesiduneko finalaurrekoetarako sailkatu da.

Gainontzeko kiroletan ere jokatu dira zenbait final. Luzera jauzian ezustekoa eman du Juanan Wang txinatarrak (8,36 metro), Miltiadis Tentoglou faboritoari gailenduta (8,32).

10.000 metrokoan, emakumezkoetan, Letesenbet Gidey etiopiarrak jantzi du urrezko domina, orain arteko txapeldun Sigan Hassan herbeheretarraren aurretik amaituta.

Mailu jaurtiketan, Pavel Fajdek poloniarra izan da garailea, 81,98 metroko marka eginda. Bosgarren aldiz jarraian irabazi du Munduko Txapelketa.

Pisu jaurtiketan, berriz, Chase Ealey estatubatuarra izan da garaile, 20,49 metroko marka eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.