Negoziazio kolektiboa

Gipuzkoako eraikuntzako 17.000 langileek lan ituna izango dute 2024ra arte

Langileen batzarrak «gehiengo zabal batekin» babestu du patronalaren proposamena, eta bihar sinatuko du ELAk sektoreko lan hitzarmena

Beharginak lanean, Donostiako obra batean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2022ko uztailaren 18a
12:12
Entzun

Ez da ohikoena inflazio handiaren egungo agertokian, baina negoziazio kolektiboak pauso bat aurrera emango du gaur, ELA sindikatuak eta Ascongi patronalak Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena egingo baitute. Aldeek inflazio izugarriaren lokarria askatzeko modua adostu dute, eta, horri esker, sektoreko 17.000 beharginek itun berri baten babesa izango dute 2024ra arte, soldata igoera nabarmenekin.

ELAren arabera, «oso alderdi positiboak» ditu eraikuntzaren Gipuzkoako patronalaren azken proposamenak, eta sindikatuak «hasieratik planteatutako helburuei erantzuten die». KPIaren bermea, lanaldi murrizketa eta hitzarmenaren blindatzea jasoko ditu akordio berriak.

Sektoreko ordezkaritzaren gehiengoa du ELAk Gipuzkoan (% 72), eta, hortaz, gaur bertan sinatuko dute ituna aldeek, Lan Harremanen Kontseiluaren (PRECO) Donostiako egoitzan. Indarraldia hiru urtekoa izango da (2022-24); 2022an %4ko igoera edukiko dute eraikuntzako langileek; 2023an, KPIa + %1,25; eta 2024an, KPIa + %1,25. Beraz, iazko %6,4ko KPIaren azpitik ibiliko da soldata igoera aurten, baina 2023an eta 2024an KPI osoa jasoko da, eta haren gaineko %1,5eko igoerak urte bietan.

Lan baldintzak

Horrez gain, sei orduko lanaldi murrizketa izango dute. Hobekuntzak jaso dira, era berean, lizentzietan: hamasei ordu gehiago laguntzeagatik, eta bi egun gehiago ospitaleratzerik gabeko ebakuntzagatik. Halaber, heriotzagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik eta ezintasun iraunkor osoagatik kalte ordainak 150.000 euroraino igoko dira, eta aldi baterako ezintasuna dakarren in itinere istripu bat dutenek soldataren %100 kobratuko dute gaixo baimenarekin dauden lehen egunetik aurrera.

Bestalde, hitzarmena aplikatzeko lehentasuna gehitu da estatukoaren gainetik, eta hitzarmena aplikatzeko bermearen egungo 48. artikulua hobetu da: itunak ultraaktibitate mugagabea du oraindik ere, bai eta hitzarmena alde bakarrez ez aplikatzeko klausula ere.

ELAren ustez, eduki horiek «lorpen handia» dira, «baina sindikatuaren borroka, ordea, ez da sinadurarekin amaituko». Sindikatuak dio errealitateak erakusten duela ez dela nahikoa enpresa kontratistek eta ondoz ondoko azpikontratek hitzarmena aplikatzera behartzea: «Ezinbestekoa da administrazio eta erakunde publikoen inplikazio zuzena». Sindikatuak nahi du obrak lizitatu eta esleituko diren hitzarmenaren aplikazioa eta laneko segurtasun eta osasun arauak bermatzea beti.

Gipuzkoako papergintza

LAB eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako paperaren lan ituna sinatu dute Adegi patronalarekin. Hitzarmena 2025. urtera artekoa da, eta soldata igoerak KPIa bezainbestekoak izango dira aurten eta 2023an. 2024. eta 2025. urteetan, KPI + %1eko igoerak izango dituzte sektoreko langileek Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.