Lan gatazkak

LABek Bilboko Udala, Urbaser eta Cycasa salatu ditu, greba eskubidea urratzea egotzita

175.000 euroko kalte ordainak galdegin dizkie sindikatuak. Mantentze lanetako langileek hilabete osoko greba hasi dute gaur; 2020ko abendutik ez dute lan hitzarmena berritu.

Taludes Bilbao enpresako langileen elkarretaratzea gaur, Bilboko Otxarkoaga auzoan. LAB
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 18a
15:24
Entzun

LABek elkarretaratzea egin du gaur Bilboko Otxarkoaga auzoan, Taludes Bilbao aldi baterako enpresa elkarteak haren langileen greba eskubidea urratu duelakoan. Bilboko Udalaren jabetzako lurrak zaintzeko eta kaleetako mantentze lanak egiteko zerbitzua da, eta udalak Urbaser eta Cycasa enpresak ditu azpikontratatuta. Sindikatuak 175.000 euroko kalte ordainak galdegin dizkie hirurei.

LABek jakinarazi duenez, Bilboko Udala «presioa» egiten ari zen Urbaseri eta Cycasari Aste Nagusirako kendu beharreko hiri altzarien lana «ahalik eta gehien aurreratzeko». Bi enpresen eta udalaren «arteko barne posta batean egiaztatu» ahal izan du sindikatuak hala izan zela. Lan horiek egiteko, bi enpresek kanpoko beste baten zerbitzuak kontratatu dituzte. Lan Ikuskaritzara aurkeztu du LABek salaketa, eta Urbaserrek eta Cycasak langile berri horiek erretiratu behar izan dituzte.

Hori ez da Taludes Bilbaoko langileen auzi bakarra: hilabete osoko greba hasi dute, lan hitzarmen berri bat sinatzeko negoziazioak desblokeatzeko. 2020ko abenduan amaitu zen aurreko ituna, eta ordutik ez dute berritu —gaurdaino bi urte daramatzate emaitzarik gabeko bilerekin—. Gainera, urtarrilean lanuzteak egiteari ekin zioten langileek, astean behin.

Sektoreko gainontzeko langileek baino %12-22 gutxiago irabazten dute azpikontratatutako enpresakoek, eta 37,5 orduko lanaldia dute —beste langileek, berriz, 35ekoa—. LABek salatu berri duen egoerarekin «akordioa lortzeko aukera eten egin dute» bai udalak eta bai bi enpresek. «2020ko abendutik pairatzen ari diren egoerari amaiera emateko» eskatu die sindikatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.