Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak abiatu dira Baionan

Gaurtik uztailaren 22ra arte iraganen dira Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak, Baionan.

"Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak - UNUM" lehen aldiz abiatu dituze gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2022ko uztailaren 18a
16:16
Entzun

2019tik, euroeskualdeko unibertsitate eta zentroak bildu dira Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen prestatzeko. Aurten, lehen aldiz antolatu dituzte. Azken hiru urteetan Bordeleko Unibertsitatea (UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Paueko Unibertsitatea (UPPA), Nafarroako Unibertsitatea (UPNA), Euskanpus fundazioa eta CNRS/IKER elkarlanean aritu dira egun hasi den proiektuaren burutzeko. Horiekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundia, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Euskal Hirigune Elkargoa ere aritu dira lanean.

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroei UNUM izena eman diete, “askotarik bat” esanahia adierazteko. Titulu horrekin, proiektu hori posible egin duten eragileen batasuna azpimarratzeko xedea dute, besteak beste. UNUMen misioa hau da: “Unibertsitate partaideetan ekoiztutako jakintzaren zabaltzea eta erakunde publikoen estrategien partekatzea, euroeskualdeko ekonomiaren garapena sustatzeko". Bide hartatik, berrikuntza eta teknologia berriak oinarri jartzea espero dute, balio erantsiaren sorreran.

Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak – UNUM mugaz gaindiko biztanleei zuzenduak dira. Ikastaroei esker, unibertsitateek euroeskualdearen espazio batuago baten sorreran duten rola argitan jartzeko xedea dute, lurralde arloan, arlo ekonomikoan eta arlo sozialean, batez ere. Lehen edizioa pilotu gisa erabiltzea pentsatu dute, geroan eta aurtengo esperientziaren arabera programa garatzeko. UNUM klaseak euroeskualdearen hiru hizkuntzetan emanak izanen dira, euskaraz, frantsesez eta espainolez, hots, “eleaniztasunaren eta interkulturalitatearen” azpimarratzeko.

Programa

Lehen egun honetan, bi kurtso aurkeztuak dira Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak – UNUMen harira. Alde batetik, Eurohiria lantzen dute, mugaz gaindiko polizentrismo adibide gisa, eta, bestetik, nola mugaz gaindiko kooperazioak Europako krisiei egin diezaiokeen aurre. Bihar, Amerikako mugaz gaindiko migrazioaren historia landuko dute, eta asteazkenean, berriz, lekuko monetaren rola lurralde garapenean. Ostegunean, musikaren eta lurraldearen arteko erlazioa aipatuko da, itzulpenaren garapen teknologikoaren gaira lerratu aitzin. Ostiralean, bukatzeko, euskal hizkuntzaren atlasak aztertuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.