Garraioa

%4,4 hazi da Bilboko portuko jarduna lehen seihilekoan

Ia 16 milioi tona zama mugitu dira aldi horretan. Petrolio gordinaren eta gas naturalaren inportazioak nabarmen handitu dira: %33 eta %46, hurrenez hurren.

Garabi bat edukiontzi bat kargatzen, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 19a
13:21
Entzun

Bilboko Portuko Agintaritzak lehen seihilekoko balantzea aurkeztu du, eta, datuek erakusten dutenez, portua bere onera itzultzen ari da. Aurreko urteko aldiarekin konparatuz, %4,4 goititu da dagoeneko guztizko trafikoa; ia 16 milioi tonako marka hautsi du —iaz 15,3 milioi inguru mugitu ziren ekainera arte—. Agintaritzak urte hasieran aurreikusitakoaren (+%7,4) azpitik hazi da trafikoaren mugimendua. Halere, bigarren seihilekoan goranzko joera mantenduko dela azaldu dute, zerumugan «ezbai asko» badira ere.

Ukrainako gerra, pandemiaren eragina eta inflazioa dira Bilboko portuarentzat hazkunderako oztopo nagusiak. Atzean utzi du agintaritzak, behintzat, zamaketarien lan gatazka: iragan maiatzean sinatu zuten sei urterako lan hitzarmena, negoziazioak hasi eta urte eta erdira. Azken horrek «aukera ematen du galdutako trafikoa berreskuratzeko, bezero berriak erakartzeko, eta merkatu berrietara iristeko», azaldu dute portuko agintaritzakoek.

Hein handi batean, zama likidoen (+%14) eta ohiko salgaien (+%7) goranzko joerak ahalbidetu du hazkundea. Bereziki, petrolio gordinari (+%33) eta gas naturalari (%46) esker izan da hori; 4,5 milioi eta 2,2 milioi tona inguru mugitu dituzte portuan.

Horri eutsiz, AEBetako trafikoa hazi da gehien (1,6 milioi tona gehiago), bi produktu horien inportazioen harira. Alderantziz, Errusiaren hidrokarburoen eta gasaren inportazioek 1,5 milioi tona egin dute behera. Ohiko salgaiei dagokienez, ibilgailuen garraioa %29 igo da, «eta gehiago nabarituko da urteko bigarren seihilekoan».

Bestalde, zama solidoek laurden bat egin dute behera —iaz %27 igo ziren—. Izan ere, mineral ez-metalikoen garraioak heren bat egin du behera. Era berean, edukiontziena %9 igo zen iaz, eta aurtengo lehen erdian %2 apaldu da, metalurgia eta siderurgia produktuek behera egin baitute.

Bidaiarien trafikoa «normalizatzen» hasia da, Bilboko Portuko Agintaritzak emandako datuen arabera. Iazko aldian 7.840 lagun heldu ziren; aurten, berriz, 84.814. Hau da, ozta-ozta %1000 igo da bidaiarien kopurua.

Datozen inbertsioak

Fakturazioak %4,1 egin du gora. 32,6 milioi eurokoa izan da urtarriletik ekainera bitartean; iaz, 31,3 milioikoa izan zen. Fakturazioa bezainbeste inbertituko du portuan agintaritzak aurten. Zehazki, 35 milioi euro erabiliko ditu kaiak handitzeko, horiek elektrifikatzeko, saneamendu sistema berria egiteko, eta trenbide sarea hobetzeko.

Alde batetik, AZ1 izeneko kaian 50.000 metro koadro berri eraikiko dituzte. 27,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta datorren udaberrirako amaituko dute kai berria —dagoeneko erdi aurreratuta dago—. Bestetik, kaiak elektrifikatuko dituzte berotegi gasen igorpenak, bibrazioak eta zaratak %40 murrizteko. Lehen lizitazioa urte amaieran egingo da, eta 2025ean amaituko dute proiektua. Denera, 51,8 milioi euro kostatuko da.

Hirugarrenik, ur sanitario eta industrialak Galindoko araztegira (Sestao, Bizkaia) eramateko saneamendu sistema eraikiko dute. 20 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko dute, eta hiru fasetan egingo da. Azkenik, Urduñako tren geltokian (Bizkaia) 750 metroko luzerako bazterbide bat egingo dute, Bilboko portutik irteten diren salgaiak hobeto eta azkarrago garraiatzeko. Adifek 11 milioi euro inguruko bi kontratu lizitatu ditu horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.