Alderdiak

EH Bai «azkartzea eta berritzea» izango dute helburu lehen kongresuan

Irailetik goiti, kongresu prozesua abiatuko dute, eta urrian zehar, bilkurak antolatuko. Azaroaren 26an, Kongresuko biltzar nagusia eginen dute, Baionako Elkarteen Etxean, Glain eremuan.

EHBaik bere lehen kongresuaren aurkezpena egin du, gaur goizean, Hiriburun. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2022ko uztailaren 19a
16:22
Entzun

Aitzina goaz lelopean aurkeztu dute Anita Lopepe eta Nicolas Blainek zein izanen diren EH Bairen lehen kongresuaren helburu nagusiak, eta zerk ekarri dituen urrats berri horren ematera. Kongresuak «EH Bairen azkartzea eta berritzea ahalbidetuko» duela espero dute, eta helburu horren betetzeko, bi erronka nagusi aipatu dituzte: alde batetik, 2022-2026 aldirako norabide politiko nagusiak finkatzea, eta, bestetik, EH Bairen antolaketa berritzea, zuzendaritza berri baten erabakiarekin, adibidez.

Bi desafio nagusi horien baitarik Ipar Euskal Herriak azken urteetan jasaten dituen arazo nagusiei aurre egin beharko dietela zehaztu dute. Izan ere, «fenomeno batzuk kaltegarriak izan» daitezkeela baieztatu dute. Horien artean, gertatzen ari den emendatze demografikoa, lurra eta etxebizitzaren espekulazioaren krisia eta eskuin muturraren indar hartzea aipatu dituzte.

EH Baik «ezkerreko abertzaleen erreferente politiko eta instituzionala» bilakatu dela kontsideratu du, eta, haien iritziz, «balio handiko lorpena da», etorkizunean ere garatu beharko dutena. Lehen kongresuarekin, instituzioen bidean oraindik gehiago sartuko dira. Hala ere, «bide luzea» egitekoa dutela aitzineratu dute. Baiona, Angelu eta Biarritz hirietan, «ezkerreko proiektu abertzaleak hutsune handiegia» duela azaldu dute, eta «ezkerreko lehen indar gisa kokatu arren, frantses zentro-eskuinak nagusitasun handia» duela zehaztu. EH Baik «Ipar Euskal Herriko ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologista guztiei deia zabaldu» die, ematen duten urrats berrian «batera aitzinatzeko».

Hamabost urteko ibilbidea

Etorkizunerako proiektuen jatorria ere aipatu dute, gogora ekarriz ze testuingurutan sortu zen EH Bai, eta nola azken urteetako gertakari garrantzitsuenek gaur egungo erabakiak baldintzatzen dituzten. Duela hamabost urte, EH Bai koalizio sortu berria hauteskunde legegileetara aurkeztu zen, Batasuna eta Eusko Alkartasuna alderdiek bultzaturik. Gaur egun, Ipar Euskal Herriak Frantziako Estatuan egiten diren «politika ukatzaileen menpe» segitzen duela azaldu dute. Haien ustez, hala ere, azken hamabost urteetan ikusi diren mugimendu batzuk argiki azpimarratzekoak dira. Horien artean, Aieteko Konferentzia eta ETAren borroka armatuaren bukaera aipatu dituzte, «bake prozesuaren» garapena, nahiz eta «Frantziako eta Espainiako Estatuen jarrerak ez duen permititu prozesua bururaino eramatea»; Lurralde Kolektibitatearen aldeko adostasuna, eta gerora, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera. Horrez gain, «Ipar Euskal Herriko jendartearen sektore ezberdinen borrokarako mobilizazio gaitasuna eta erabakitasuna» ere azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.