Bihotz Kirurgiaren lekualdatzea

Bihotz Kirurgia Basurtutik Gurutzetara lekualdatzeak pazienteengan kalteak eragingo dituela salatu dute

Langileen arabera, derrigorrezko lekualdatzeak aldez aurretik jakinarazi gabe heldu dira. Jaurlaritzako Osasun sailburuaren aurkako oihuak entzun dira mobilizazioan zehar.

Gaur Basurto Bizirik plaformak deitutako mobilizazioa lekuadaketen aurka. MONKA DEL VALLE / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 19a
16:27
Entzun

Bihotzeko kirurgia Basurtuko ospitaletik Gurutzetakora eramateko erabakiaren aurka agertu da gaur Basurto Bizirik plataforma. Basurtuko kardiologiako langileak ospitale parean batu dira haien haserrea erakusteko. Guztira 150 pertsona inguru bildu dira Bilboko Montevideo kalean Eusko Jaurlaritzaren erabakiekiko desadostasuna adierazteko.

Mobilizazioaren arrazoia Osakidetzak azken egunetan hartutako erabakia da: halabeharrezko lanpostu aldaketa Bihotz Kirurgiaren itxiera dela eta. Izan ere, Basurto Bizirik plataformak salatzen du Basurtutik Gurutzetara derrigorrezko lekualdatzeak aldez aurretik jakinarazi gabe heldu direla egunotan. Jose Miguel Ormaetxea Basurtuko kardiologia zerbitzuko buruaren arabera, lekualdatuak izango diren pertsonen zerrenda helarazi berri diete. «Helegitea aurkezteko hamar eguneko epea eman digute. Udan egonda, jende askok ezingo du helegitea aurkeztu, oporretan daudelako».

Lekualdatzeen informazioa irailean jaso behar zutela diote Basurtuko kardiologia zerbitzuko langileek; horren beharrean, lekualdatzea irailaren 15ean bukatuko da. Ormaetxearen aburuz, «Gurutzetako ospitalean ez daude prest bihotz kirurgia bateratu bat emateko». Erabaki honek Bizkaian bihotz kirurgiari bideratutako zerbitzu bakar bat utziko du. Lagaitz Gaztañaga kardiologoaren arabera, «lekualdatze honek kalteak ekarriko ditu pazienteengan».

Jaurlaritzak argudiatzen du bi ospitaleetako bihotz kirurgiak batuta emaitzak hobetuko direla. Roberto Saez Hemodinamika zerbitzu buruak dioenez, emaitzak ez dira hobetuko. Are gehiago, lekualdatuko dituzten langileak gabe, «arriskutsuak izan daitezkeen teknikak ezingo dira Basurtun egin»; pazienteen osasunean horrelako ebakuntzak atzeratzeak izan ditzakeen kalteekin, Saezen esanetan.

Bertaratutako 150 pertsonen artean, asko Pentsionisten Mugimenduko parte ziren. Haien ustez, azken aldian hartzen ari diren neurriak – anbulatorio askotan larrialdi zerbitzuak itxi izana, esaterako - «zerbitzuen pixkanakako murrizketak» dira. Pentsionisten Mugimenduko kide den eta Basurtuko ospitalean bihotz kirurgia jaso zuen Eugenio Perezen arabera, haientzat garrantzitsua da oso horrelako zerbitzu bat gertu izatea; «eta ez joan-etorriak egiteko denbora handitzea».

Dimisio eskaera

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten elkarretaratuek Montevideoko kalean zehar. Gizarteko ohiturak aldatzeko momentua dela, eta biztanleak osasunari lotutako zerbitzuak jasotzeko mugitzera ohitu beharko direla esan zuen sailburuak, nahiz eta gero zuzendu zituen adierazpenok. Gaztañagarentzat «benetan zentzugabekeria» bat dira hitz horiek. Saezentzat hitzok zerbitzu berrien inguruan zirela esaten duten arren, ez da egia. Izan ere, «jadanik dabilen zerbitzu bat desegitera doaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.