Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak oniritzia eman dio lurralde horretako bost errepidetan ibilgailu astunei bidesaria jartzeko proiektuari. 101,7 kilometro ordainpekoak izango dira kamioilarientzat: Laudiotik Basaurira (BI-625), Galdakaotik Ubidera (N-240), Basurtutik Kantabriara (A-8 eta BI-10), Durangotik Kanpazarrera (N-636), eta Txorierriko korridore osoan.
Zehaztu dute noiz hasiko diren errepide horietan kobratzen: lehenengo biak (BI-625 eta N-240) urte amaiera aldera bihurtuko dira ordainpeko; gainontzekoak, berriz, 2023aren hasiera aldean.
Denera, 60 milioi euro inbertituko ditu foru gobernuak. Bi helbururekin: bata, trafikoa ahalmen handiko ordainpeko autobideetara bideratzea (AP-68 eta Supersur), eta bestea, errepideak kontserbatzeko eta mantentze lanak egiteko baliabideak jasotzea. «Gehien erabiltzen dituenak gehien hondatzen ditu; ordain ditzala», adierazi du Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek.
EAJren eta PSE-EEren botoei esker atera da aurrera egitasmoa; EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenitu egin dira, eta PPk kontra egin du —azken horrek herenegun aurkeztutako zuzenketak ez dituzte onartu batzarrean—.
PSE-EEk azaldu duenez, beharrezkoa zen zenbait tartetan trafiko astuna murriztea, «suntsituak izatear» baitzeuden. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak garraiolariei laguntzeko neurriak galdegin dituzte, baita horiekin bidesariaren «eragina arintzeko» negoziatzea ere. «Neurria ez dadila izan amaieraren hasiera Bizkaian funtsezkoa den sektore batentzat», gehitu du Elkarrekin Bizkaiak. Dena dela, EAJk ziurtatu du foru aldundia sektorearekin harremanetan dagoela «etengabe», eta haren egoeraren «jakitun» dagoela.
Garraiolariak, aurka
Garraiolari autonomoen Asotrava elkartea, Hiru sindikatua eta AP-8ko, AP-68ko eta A-636 errepideetako bidesarien aurkako plataformak Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren parean bildu dira goizaldean. Eragile horiek «behin eta berriro» salatu dute bidesaria ezartzeko proiektuaren helburu nagusia dirua biltzea dela, defizit publikoaren «zuloa» estaltzeko.
Bestalde, «neurri baztertzailetzat» jo dute elkarteek eta sindikatuak, soilik kamioilariak jartzen dituelako jomugan. «Bidesaria ez du ordainduko noizean behin pasatuko den kanpoko garraiolariak, egunero errepide horietan barrena dabilen gure garraiolariak baizik», adierazi dute ohar batean.
Beste bidesariak
Bizkaia ez da bidesariak ezartzeko gogotsu dagoen bakarra. Gipuzkoako foru gobernua N-1 eta A-15 errepide osoetan ibiltzeagatik kobratzen hasiko da, urte amaieran edo 2023 hasiera aldera. Aldundiak hiru foru arau onartuak ditu bidesariak arautzeko; azkena, iazko abenduan. 2018an ezarri zuen bidesaria bi errepide horietan, baina garraiolariek hainbat helegite jarri zituzten, kobrantza sistema «diskriminatzailea» zelako.
Nafarroako Gobernua ere bost errepidetan ibiltzeagatik kobratzen hasiko zaie kamioilariei: A-1ean, A-10ean, A-15ean, A-68an eta N-121-An. Apurka joango da, baina gobernuak esana du aurrenekoak «urte amaierarako» espero direla. Araban, berriz, aldundiak batzorde txostengile bat sortu du Batzar Nagusietan gaia aztertzeko. Errepideen mantentze lana nola ordaindu eta Europako legedira nola egokitu eztabaidatzen ari dira. 2026. urtean amaitu egingo da AP-68aren kontzesioa, eta lurraldeko 55 kilometroen ardura hartuko du.