Enpresa

Confebask: «Langileek egokitu egin behar dute erosteko ahalmena ez galtzeko eskaera»

Azken astean sindikatuekin lan akordio handiak lortu arren, enpresarien elkarte horren ustez eragile sozialak ez dira «ulerkorrak» egoerarekin. Eduardo Zubiaurre ez da presidente kargura itzuliko, eta Isabel Bustok amaituko du legealdia postu horretan.

Confebaskeko zuzendaritza taldea. Erdian Isabel Busto presidentea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko uztailaren 20a
13:47
Entzun

Confebaskek sindikatuei mezu argia bidali die urteroko batzar orokorraren aurretik: «Ez da konfrontaziorako garaia, akordiorakoa baizik». Isabel Busto presidenteak hitz gogorrak erabili ditu «eragile sozial batzuen» jarrera kritikatzeko. Egoera ekonomikoarekin «ulerkorrak» ez izatea egotzi die, eta beti «gatazka» bila ibiltzea. Deigarria da mezu hori zabaltzea, azken astean lan akordio handiak lortu baitira. Era berean, elkarteak jakinarazi du Eduardo Zubiaurre ez dela kargura itzuliko eta Bustok amaituko duela haren agintaldia. Zubiaurrek osasun arrazoiengatik utzi zuen kargua, eta urtebete gelditzen zitzaion agintean.

Azken hamar egunetan Gipuzkoako eraikuntzako eta papergintzako lan hitzarmenak, Bizkaiko bulego garbitzaileena eta Mercedesek Gasteizen duen plantakoa —Euskal Herriko lantegirik handienekoa— berritzeko akordioak lortu dira; hala ere, Confebaskek sindikatuen jarduna kritikatu du. Lan gatazkak izan dira urteroko balantzearen bizkarrezurra: «Albo batera utzi behar dute joera hori, gatazka erabiltzekoa alde baten baldintzak inposatzeko. Aldarrikapen sindikal batzuek arriskuan jar ditzakete pisu handiko jardun batzuk». 30.000 langileri eragiten dieten akordioak adostu diren astean bertan horrelako adierazpenak egitea kontraesana ez al den galdetuta, Eduardo Aretxaga idazkari nagusiak gogoratu du beste sektore batzuetan badaudela grebak: «Akordioak bilatzen diren tokietan, aurkitzen ditugu. Ekuazioa doitu behar da: erosteko ahalmena eta enpresaren jasangarritasuna».

Bustok nabarmendu gaur egungoaren gisako egoera zailetan enpresek, erakunde publikoek eta langileek egin behar dituztela ahaleginak. Beharginei esan die egokitu egin beharko luketela erosteko ahalmenetik «ezer ere» ez galtzeko «eskaera historikoa», eta ulertu behar dutela «soldata moderazioa» ezinbestekoa dela oraintxe. Erakundeei, berriz, eskatu die enpresarik eta herritarrik zaurgarrienei bideratzeko inflazioak eragindako ezohiko zigor bilketaren handitzea. Enpresek bitartean irabazien berrinbertsioa lehenetsiko dutela esan du, inbertsio estrategikoei eusteko asmoz.

Bustok «errenta paktuaren» aukera plazaratu du. Aukera moduan aipatu ondoren, Aretxagak gehiago sakondu du: «Akordioez ari gara, enpresen, sektoreen edo lurraldeen eremuan. Errenten banaketa da, irabaziak eta soldata errentak. Oreka bat bilatzea, erosteko ahalmenaren zatirik handiena berreskuratu ahal izateko, baina enpresaren bideragarritasuna ziurtatuz. Etorkizunera begira horrek bermatuko baitu errenta. Eta errealitatean oinarrituta saiatu behar da, eta ez gatazkaren bidez. Guretzat, enpresa proiektu partekatu bat da, eta ez konfrontaziorako proiektu bat. Ezin da izan ‘emadazu niri nirea, zurearen bizkar’».

Lan harremanen arloa alde batera utzita, Bustok nabarmendu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen %90ek %10etik beherako irabaziak dituztela: «Are gehiago, enpresa askok irabazi tarterik gabe dihardute lanean, eta hainbat galera onartuz» Horiek horrela, %3,5-4ko hazkundea iragarri du urte amaierarako: «Betiere Errusiak Europari gasa eteten ez badio, eta inflazioak marka guztiak hausten jarraitzen ez badu». Eusko Jaurlaritzak %4,5eko igoera iragarri zuen martxoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.