Frantziako Tourra

Pogacarrek hirugarren etapa garaipena lortu du, Peyragudesen

Esprintean gailendu zaio Vingegaard liderrari, baina ez du lortu maillot horiduna gurpiletik ateratzea.

Tadej Pogacar garaipena ostzen Peyragudeseko helmugan. Atzean Jonas Vingegaard liderra. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 20a
17:46
Entzun

Tadej Pogacarrek (UAE) irabazi du Frantziako Tourreko hamazazpigarren etapa, Peyragudesen (8 kilometro, eta %7,8ko pendiza). UAEk erakustaldia eman du, eta goi mailako txirrindularitza ikusteko aukera izan dute Pirinioetara bertaratu diren zaleek. Hala ere, Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) haren gurpilean helmugaratu da, eta lau segundo murriztu du aldea esloveniarrak, helmugako gainsaria hartu eta gero. Brandon Mcnultyk, Pogacarren taldekideak, lan bikaina egin du azkeneko bi mendateetan, baina esloveniarrak ez du lortu lidergora gerturatzea. Danimarkarra gurpilean itsatsita eduki du une oro, eta Pogacarri argi utzi dio ez diola metro bakar bat ere hartzen utziko.

Beste behin ere albiste txarrekin hasi du UAE taldeak eguna. COVID-19an positibo emanda zenbait taldekide etxera joan eta gero, Marc Soler galdu zuten aurreko etapan. Oraingoan, Rafal Majkak ere lasterketa utzi behar izan du, belauneko lesio baten ondorioz. Hori dela eta, soilik hiru taldekideren laguntza izango du Pogacarrek azken asteko bi etapa gogorrenetan maillot horia berreskuratzen saiatzeko.

Saint Gaudensetik abiatu da Pirinioetako bigarren etapa, eta Peyragudes mendate historikoko helmugara iritsi arte 130 kilometro egin dituzte txirrindulariek. Etapa motza izanik, mugimendu asko espero ziren, eta hala izan da. Eguneko ihesaldia sortzeko 60 kilometro itxaron behar izan dituzte txirrindulariek, tropelak ez duelako saiakerarik baimendu. Alexei Lutsenkok (Astana) eta Thibaut Pinotek (FDJ) lortu dute taldeari aurre hartzea, eta haien atzetik beste taldetxo bat abiatu da. Minutu bat baino gehiagoren aldea izan dute, baina berehala jarri da UAE lanean. Horquette d’Ancizanen (8,1km, %5,1) lortu du atzeko taldetxoak aurreko bikotearekin bat egitea, baina, UAEk talde nagusian egin duen lanaren ondorioz, hurrengo mendatean bertan ezerezean utzi dute saiakera.

Val Louronen gora (10,8 km, %6,8), triskantza eragin du UAEk tropel nagusian, taldearen erasorako jarreraren ondorioz. Azpi-azpitik jarri du erritmo bizia Mikkel Bjergek, eta hura lehertu denean Brandon Mcnulty taldekidea jarri da buruan. Banaka-banaka atzean gelditu dira gainontzeko faboritoak, eta liderra taldekiderik gabe uztea lortu du Pogacarren taldeak. Majka etxera joan den egunean bertan, orain arte izan ez duten gorputzaldia izan dute horretarako UAEko morroiek, eta helburua lortu dute: Pogacarren eta Vingegaarren artekoa buruz buruko lehian uztea.

Ihesaldia ezerezean utzi du Mcnultyk berehala, eta Pogacar eta Vingegaard bakarrik gelditu dira harekin. Zaila da hain gutxirekin hainbeste egitea, eta gutxien espero zenean iritsi da UAEren mailarik onena. Azkeneko 200 metroetan, Pogacarrek berak erritmoa bizitu du, metro batzuk hartzeko intentzioarekin, baina haren gurpilari itsatsi zaio Vingegaard liderra. Jaitsiera hirurek elkarrekin egin dute, eta hala iritsi dira eguneko azken mendatera: Peyragudesera.

Mcnultyk berak ezarri du berriro ere erritmoa hirukotean, eta atzekoekin aldeak handitu ditu. Bi oilarrak estatubatuarraren erritmoan aritu dira mendatea hasi eta amaierara arte. Taldekideen lana bikaina izan den arren, Pogacarrek ezin izan du haien lana biribildu. Ez du erritmoa aldatzeko indarrik izan, eta etapa garaipenerako lehian soilik mugitu da. Azkeneko 300 metroetan (%16ko pendiza) abiatu da etapa garaipenaren bila, eta une batez Vingegaardek aurreratu duen arren, etapa garaipena behintzat lortu du esloveniarrak. Hirugarrena du aurtengo Tourrean aurreko bi ekitaldietako irabazleak, baina aurtengo liderra harekin batera helmugaratu da. 2.18ren aldea dauka orain Vingegaardek.

Gainerako faboritoen artean Geraint Thomas (Ineos) sartu da hirukotearen atzetik, eta podiumerako azken postua sendotu egin du. Romain Bardet (DSM) iritsi da haren atzetik, eta postu batzuk egin du aurrera sailkapen nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.