Teknologia

Elhuyarren itzultzaile automatikoa webgunera joan gabe erabili ahalko da aurrerantzean

Aplikazio bat garatu dute, zuzenean norberaren ordenagailutik baliatzeko itzultzaileaz, edozein programa erabiltzen den bitartean.

Pertsona bat, Elhuyarren Elia itzultzailea erabiltzen. ELHUYAR
Edu Lartzanguren.
2022ko uztailaren 21a
14:44
Entzun

Orain arte honela funtzionatzen zuen: Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa erabili nahi zuenak horren webgunera jo behar zuen, eta han itsatsi itzuli nahi zuen testua. Baina, aurrerantzean ez da hori egiteko beharrik izango, norberaren ordenagailutik egin ahalko delako lan hori, edozein dela unean-unean erabiltzen ari den aplikazioa.

«Bezero askok eskatzen zigun plug-in bat egiteko gure itzultzailea erabili ahal izateko zuzenean Wordetik edo bakoitzak erabili ohi duen aplikaziotik; beraz, hamar egin beharrean, denerako bakarra egitea erabaki dugu», azaldu du Elia itzultzaileko arduradun Amaia Jauregik.

Norberak bere ordenagailuan instalatu behar du Elia aplikazioa. Elhuyarrek bideo hau plazaratu du prozesua erakusteko.

Instalatu ostean, aurrerantzean, erabiltzaileak askoz errazago edukiko du testuak itzultzea, edozein programa erabiltzen ari dela: Word, OpenOffice, edo beste. Testua aukeratu beharko du Ctrl + C bi aldiz sakatuta, eta, ondoren, Ctrl +V bi aldiz sakatzen badu, jatorrizko testua itzulpenarekin ordezkatuko du aplikazioak.

Gehienez ehun hitzezko testua itzuli ahalko du erabiltzaileak batera, baina Elian izena emanez gero, doan da, 500 hitzeraino itzuli ahalko ditu ekinaldi bakoitzean.

Ekainean amaitu zuen Elhuyarren Elia taldeak aplikazioa garatzen, eta orain plazaratu dute.

Hiztegia, Elian

Garatzaileek azaldu dutenez, erabiltzaile asko baliatzen da itzulgailuaz hiztegi gisa. Horregatik, Elhuyarren hiztegia Eliaren webgunean txertatzea erabaki dute. Beraz, aurrerantzean, norbaitek hitz bakarra edo bi kontsultatzen baditu, Eliak ez die itzulpena egingo, baizik eta hiztegiaren emaitza erakutsiko.

Aurtengo martxoan urte bat bete zuen Eliak. «Ez gaude geldirik. Une oro ari gara Elia itzultzailea hobetzen», esan zion Jauregik orduan BERRIAri.

Itzultzaile automatikoak sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu segundo gutxi batzuetan: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoaren artekoak, alegia. Sakelako eta tabletetako aplikazioak, gainera, irudietan agertzen diren testuak ere itzultzeko gai da; beraz, oso egokia da bidaiatuz gero afixetan eta zeinuetan agertzen diren testuak ulergarri egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.