Okupazioa eten dute Ostiakoek, etxebizitzaren afera salatuta

Alday promotorearen bulegoen aitzinean egin dute elkarretaratzea, okupazioaren burutzeko. Angeluko auzapez Olivekin bezperan elkartu ziren.

Ostiako militanteak Angeluko Les Hauts de la Chambre d'Amour luxuzko etxebizitza multzoaren okupazioan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2022ko uztailaren 21a
16:40
Entzun

Ostiako militanteentzat, «helburuak beteak izan dira». Galdera nagusia hau zuten: «Norentzat eraiki, zer beharri erantzuteko?». Ostiakoen ustez, galdera hori plaza publikora ekartzea lortu dute, eta arduradunei helaraztea ere bai. Erraterako, «eraikitzeko baimena ematen duten auzapezak, eta etekina baizik bilatzen ez duten promotoreak» hunkitzea lortu dutela kontsideratu dute.

Ostia kolektiboak ostegun arratsalde honetan utzi du joan den ostiraletik okupatzen zuen eremua. Bazkari partekatu baten ondotik, kanpalekua desegin eta Alday promotorearen bulegoen aitzinera joan dira elkarretaratzearen egitera, Angelun (Lapurdi). Kolektiboa 2021eko ekainean sortu zen, Arbonako okupazioaren harira; ber gaiak aldarrikatzen dituzten elkarteez osatua da.

Okupazioko militante baten arabera —izena ez du eman nahi izan—, «biziki kontent» dira, «jende anitz hurbildu» delako okupaziora, eta «mota guztietako jendeekin mintzatu» ahal izan direlako. Azaldu duenez, ohartu dira «etxebizitza zinez jende anitz hunkitzen duen arazo larri bat» dela, eta «angeluar bat baino gehiago etorri» zaizkie beren esperientzia kontatzera.

Gerora begira, Les Hauts de la Chambre d’Amour luxuzko etxe multzoaren okupazioa haien lehena dela zehaztu du taldeko ordezkariak, «ekintza bat gehiago dauden beste hainbaten artean». «Okupazio iraunkorraren bultzatzeko gogoa dugu. [...] Geroan beste batzuk egitea espero dugu, betiere gero eta handiagoak, gero eta hobeki antolatuak», gehitu du.

Eztabaida udalarekin

Asteartean, Ostiakoek elkarretaratze bat antolatu zuten Angeluko herriko etxearen aitzinean. Biharamun goizean, Angeluko auzapez Claude Olivek prentsaurreko bat eman zuen, okupazioa bera eta Ostiako militanteek eramandako ekintzak salatzeko. Lehenik, «militanteen egiteko manera» aipatu zuen, nahiz eta «arazoa ulertzen» zuela erantsi. Haren ustez, «ezin liteke elkarrizketa konstruktibo bat eraman lehen solasaldi bat sustatzen ez bada, ekintzara iragan aitzin».

Estatistiken aldetik, Olivek oroitarazi zuen Angeluko etxebizitzen %78 lehen mailako etxebizitzak direla; eta herriko etxearekin eramandako proiektuez harro direla argiki erakutsi: «Ez dut gorritzerik ene lantaldearekin batera egin dugun lanaz». Bestalde, haren ustez, «ez da Angeluko kasua salatu beharrekoa»; harentzat, «kostaldeko beste hiriek Angelu bezainbat egingo balute», arazoa ez litzateke halakoa.

Herriko etxeak jokatzeko leku mugatua duela ere zehaztu zuen, PLU Tokiko Hirigintza Planak inposatzen dizkien neurri batzuengatik, besteak beste. PLUa herriaren araberakoa dela azaldu zuen, eta Angeluko hiriak 2013ko PLU bat erabiltzen duela, sei aldiz egokitua izan dena. Euskal Hirigune Elkargoaren zain dira, «eskala handiagoan pentsatutako hirien arteko PLU bat onar dezan, hiri politiken arteko koherentzia beharrari erantzuteko».

Anartean, «betebehar anitz estatuak inposatuak» direla baietsi zuen, garapen iraunkorraren alde eta aldaketa klimatikoaren aurka egiteko, batez ere. Halako neurrien eraginez, «hiri hedapena mugatzea» eskatzen zaiela dio, «hiria bere baitan eraikitzeko», eta «eraikitzeko baimenen garestitzea ondorioztatu duela, etxebizitza gehiago hirian ekoizteko».

Ostiakoentzat, gurpil zoro bat da politikariekin eta promotoreekin hitz egitea. Taldeko ordezkariaren arabera, «aski kuriosoa da ikustea denek erraiten dutela ongi lanean ari direla, eta problema haien konkurrenteena dela». Haren aburuz, «beti elkar akusatzen ari dira, nolazpait beren aurpegia zuritzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.