Nafarroako Gobernuak telelaguntza zerbitzuarekin lotutako iruzur saiakera gehiagoren berri eman du

Dirua eta etxebizitzako giltzaren aldaki bat lortzen saiatzen dira iruzurgileak. Nafarroako Gobernuak eskatu du edozein zalantza izanez gero Atenzia enpresarekin harremanetan jartzeko.

Hainbat pertsona kalean, paseoan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nagore Arin.
2022ko uztailaren 22a
10:19
Entzun

Telelaguntza zerbitzuarekin lotutako hainbat iruzur saiakera izan direla ohartarazi du Nafarroako Gobernuak. Jakinarazi du azkenaldian ugaritu egin direla iruzur saiakera horiek, eta, gehienetan, dirua eta etxebizitzako giltzaren aldaki bat lortzen saiatu direla iruzurgileak. Telelaguntza zerbitzuaren izenean deitzen diete kaltetuei, eta zerbitzu hori amu gisa erabiliz saiatzen dira iruzurra egiten.

Alertaren aurrean, Gizarte Eskubideen eta Osasun sailetako ordezkariek gogorarazi dute telelaguntzako gailu elektronikoak etxean instalatzeko ez dela ezer ordaindu behar, eta eskatu dute zerbitzu horrekin edozein zalantza izanez gero Atenzia enpresarekin harremanetan jartzeko. Era berean, telelaguntza zerbitzuarekin lotutako dei arraroren bat jasoz gero zenbakia gordetzeko eskatu diete herritarrei, Poliziaren ikerketa errazteko.

Hain justu ere, duela gutxi jakinarazi dituzte telelaguntza zerbitzuaren hobekuntza eta ezaugarri berriak, eta Gizarte Eskubideen eta Osasun sailen ustez, iruzurgileek berrikuntza horiek baliatu dituzte iruzurra egiten saiatzeko. Izan ere, telelaguntza zerbitzuaren berrikuntzetako bat da etxeko giltzen aldaki bat zerbitzu hori ematen duen enpresari uztea, larrialdiren bat gertatuz gero epe laburrean barrura sartu ahal izateko.

Hori dela eta, nabarmendu dute interesa dutenek berek eskatu behar dutela telelaguntza zerbitzu hori,oinarrizko gizarte zerbitzuetako edo osasun zentroetako gizarte langileen bidez eskatu ere. Halaber, azpimarratu dute zalantzarik izanez gero giltzaren aldakirik ez entregatzeko eta Atenzia enpresako langileekin egiaztatzeko ea hartu-eman hori haiekin izan den edo ez.

Egoera ikusirik, oroitarazi dute telelaguntza zerbitzuak «larrialdi, segurtasun gabezia, bakardade edo isolamendu egoerei» erantzuteko helburuz sortu zirela, bakarrik eta menpekotasun egoera batean bizi direnek etxean «seguru eta sostenguz bizitzen jarrai dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.