hezkuntza

EHU munduko berrehun unibertsitate onenen artean dago zazpi diziplinatan

Shangaiko rankingaren arabera, 150 onenen artean dago hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan.

EHUren Leioako campusa. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2022ko uztailaren 22a
10:44
Entzun

Shanghaiko Jiao Tong unibertsitateak espezialitateen araberako unibertsitateen rankingaren berri eman du; hain zuzen, munduko bostehun unibertsitate onenak zerrendatu ditu, espezialitate akademikoen arabera. Bertan, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak berrehun unibertsitate onenen artean egotea lortu du zazpi diziplinatan —iaz sei ziren—, eta munduko 500 onenen artean 27tan —iaz, 24tan—.

Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, EHU 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan; eta 200 onenen artean beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologian, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan, Nanozientzia eta Nanoteknologian, eta Matematikan.

EHU 2012an sartu zen aurrenekoz lehen bostehun unibertsitateen zerrendan, eta 2020az geroztik laurehun onenen artean egon da. Eva Ferreira errektorearen iritziz, argitaratu diren datuak «oso esanguratsuak» dira: «Gurea unibertsitate sendo bat dela erakusten dute, dinamikoa, eta hobetzeko prozesu etengabean dagoena. Zoriontzekoa da lehen berrehun onenen artekoak zazpira igo izana, Matematika ere sartu baita, eta munduko bostehun unibertsitaterik onenen artean egotea Telekomunikazio Ingeniaritzan (hirurehun onenen artean), Ekonomia eta Psikologian (laurehun onenen artean), besteak beste».

Ferreiraren esanetan, kontuan hartu behar da jakintza arlo guztiak daudela ordezkatuta: «Horrek, gure unibertsitatearen izaera jeneralista ez ezik, arlo guztietan ezartzen den autoexijentzia maila ere adierazten du. Uste dut arrazoi ona dela gure unibertsitate osoa zoriontzeko eta euskal gizartea ere zoriontzeko, hari zor baitiogu geure zerbitzua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.