Enpresak

Tubos Reunidosek irabaziak izan ditu, zortzi urtean lehenbizikoz

Lehen seihilekoan 243,8 milioi euroren sarrerak izan ditu, iaz halako bi. Petroliorako eta gaserako tutuen salmenta %281 handitu da.

Tubos Reunidosen lantegia, Amurrion. TUBOS REUNIDOS
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 22a
11:38
Entzun

Tubos Reunidosen jarduerak gorantzako joera «indartsuari» eutsi dio, eta zortzi urtean lehenbizikoz 1,9 milioi euroren irabaziak eskuratu ditu lehen sei hilabeteetan. Pixkanaka badoa finkatuz, batez ere kontuan izanda iaz 45,3 milioiren galerekin itxi zuela urteko lehen erdia. Eskaria gero eta handiagoa da, energia sektorearen gorakadaren eraginez. Gainera, produkzio kostuak salmenta prezioetara bideratzeak ere lagundu dio Amurrioko tutugileari (Araba).

Iaz halako bi (+%111) saldu du Tubos Reunidosek; 243,8 milioi euroren diru sarrerak izan ditu. Hazkunde horrek badu arrazoirik atzean: petroliorako eta gaserako tutuen salmentak izugarri handitu dira, %281. Hain zuzen, sarrera guztien laurdena baino gehiago, %28, salgai mota horietatik lortu du enpresa hodigileak.

Tubos Reunidosek izan du nabarmentzeko moduko bezero bat: AEBak. Produkzioaren %46 erosi diote, iaz baino lau bider gehiago.

Erreskatea

Amurrioko hodigileak izan duen bira izugarriak badu arrazoi bat: 112,8 milioi euroko erreskatea jaso zuen SEPIren partetik, kreditu parte hartzaileetan. Trantsizio energetikorako eta deskarbonizaziorako eraldaketa egiteko modua eman dio erreskateak, eta asmoa du hodien ekoizpena Amurrioko lantegian biltzeko urte amaierarako —Trapagarango altzairutegia eta Iruñeko Adecsa itxiko ditu—.

Horiek horrela, taldearen guztizko zorra 388,3 milioi eurokoa da —115,5 milioi erreskateari dagozkie—. Oraintxe, 277 milioi euroko eskari zorroa du Tubos Reunidosek; «baikortasun neurritsuz» begiratzen dio hemendik aurrekoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.