MEMORIA

'Urigoitia auzia': kontakizunaren zuloak argitara

Gaur 35 urte dira Guardia Zibilaren operazio batean Luzia Urigoitia hil zutela. Bi tiro eman zizkioten; bigarrena, buruan, oso gertutik. Auzia artxibatuta dago 2000z geroztik, gertatutakoa argitu gabe. Prozesu judiziala zehatz azaldu zuen atzo Iñigo Iruin abokatuak, Otxandion, Urigoitiaren sorterrian.

Iñigo Iruin, atzoko hitzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2022ko uztailaren 22a
12:17
Entzun

Gaurko egunez duela 35 urte, 1987ko uztailaren 23an, Guardia Zibilak polizia operazio bat egin zuen ETAren Donosti komandoaren aurka. Kalean, Iñaki Erro eta Estanis Etxaburu atxilotu zituen hilaren 22an, 23:00etan; ordubete geroago, Pasaiako (Gipuzkoa) Trintxerpe auzoko Errenteria kaleko 3. atariko 5. solairuko D etxebizitzan sartu zen. Bertan zeuden Alicia Pereira, Manuel Muiños eta Luzia Urigoitia Lutxi. Pereira eta Muiños eraman zituzten, baina Urigoitia ez zen etxetik bizirik irten; bi tiro eman zizkioten, horietako bat buruan. Bertsio ofizialak tiroketaren teoria zabaldu zuen, eta auzia duela 22 urte itxi zuten epaitegietan, baina frogek iradokitzen dute bertsio ofizialak zulo dezente dituela eta Urigoitiarena exekuzio bat izan zela. Giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortzeko eskatu zioten iazko urtearen amaieran Jaurlaritzari, eta oraindik erantzuteko dago.

35. urteurrenaren atarian, Iñigo Iruin abokatuak Egia itzaletik argira izenburuko hitzaldi bat eman zuen ostegun arratsean Otxandion (Bizkaia), Urigoitiaren sorterrian, udalak eta Egiari Zor fundazioak antolatuta, auziari buruzko hainbat elementu aztertzeko eta eginiko bide juridikoa errepasatzeko. 50 lagun inguru elkartu ziren, auziari buruzko azalpenak entzun eta «egia judiziala» zein izan zen xehe-xehe jakiteko.

85/87 SUMARIOA

Urigoitiaren heriotzaren inguruabarrez ikerketa bat zabaldu zuen Donostiako 2. Instrukzio Auzitegiak: 85/87 sumarioa. «Potoloa» da, Iruinen esanetan: 2.000 orrialde ingurukoa. Eta ikergai nagusia, Urigoitiari buruan eman zioten tiroa liskar armatu batean izan zen edo guardia zibil batek odol hotzez eman ote zion. Hitzaldian, Iruinek azaldu zuen Guardia Zibila «pixkanaka» joan zela bertsio ofiziala eraikitzen:«Kontakizun ofizialean hutsuneak eta kontraesanak egon arren, egia judizialak bertsio ofizial hori onartu zuen, eta ikerketari uko egin zion». Finean, bertsio ofizial horren xedea da, Iruinen hitzetan, Urigoitiak garondoan zuen tiroa justifikatzea.

TESTUINGURUA

Bi datu gogorarazi zituen Iruinek, Urigoitiaren auzia denboran kokatu eta testuingurua azaltzeko: 1987ko uztailaren 23an izan zen polizia operazioa; hurrengo egunean, GALek Juan Carlos Garcia Goena hil zuen, eta, beraz, «estatu terrorismoaren bigarren belaunaldia indarrean zegoen». Gainera, 1984tik 1986ra bitartean, Poliziak 13 pertsona hil zituen bertsio ofizialean esanda «liskar armatuak» izan zirela. Beraz, Urigoitiarena ez zen lehen aldia argudio hori erabiltzen zena.

IKERKETA LUZEA, EMAITZA ESKASA

Ikerketa judiziala bi fasetan bereizi zuen Iruinek. Lehena 1987ko uztailetik 1990eko urrira bitartekoa da: gertakariak izan ziren etxebizitzan aurkitutakoak eta epaitegiko deklarazioak jasota daude hor. Deklaratzera deitu zituzten 33 lekuko, hamar guardia zibil, CESID Espainiako orduko zerbitzu sekretuetako hiru kide eta bi ministro; etxea lau aldiz ikuskatu zuten, zortzi balistika txosten prestatu zituzten, egitateak berreraiki, autopsia… Iruinen esanetan, «Diligentzia asko egin ziren baina ez zuten aukerarik eman garondoko tiroa nola egin zen zehazteko». 1990eko urrian behin-behinean artxibatu zuten auzia, eta hor amaitu zen lehen fasea.

Bigarren aroa 1995etik 2000ra bitartekoa da. 1995ean, zerbitzu sekretuetako paper batekin zabaldu zen berriro sumarioa. El Mundo-k zabaldu zuen barne ohar bat. 1997an, berriz, ohar anonimo bat agertu zen. Bi horiek ikertu zituzten aldi horretan, baina auzia berriro itxi zuten 2000n.

BERTSIO OFIZIALA

00:15 dira. Hiru polizia sartzen dira Urigoitia, Muiños eta Pereira dauden egongelan. Bik Muiños eta Pereira logela batera daramatzate; Urigoitia leihoaren eta altzariaren artean dago, eta gela berean, bi guardia zibil: Urigoitiaren bila joandako bat, eta granada baten ondorioz piztu den sua itzaltzera doan beste bat. Bertsio ofizialak dio «liskar bikoitza» gertatu zela: lehenean, Urigoitia leiho ondoan dagoela, Garcia Botana abizeneko guardia zibilari tiro egiten dio; hark erantzun. Emaitza: Urigoitiak zauri larriak ditu urdailean, giltzurrunetan eta birikan, balak ezker-eskuin zeharkatu duelako; Garcia Botanak, berriz, balen aurkako txalekoa darama, eta horrek gelditu du. Bada bigarren tiroketa bat ere, polizien arabera: Botanak arrastaka darama Urigoitia, leiho ondotik egongela kanpoaldera, ahoz gora. Tiroarekin minduta, Botanak ezin du Urigoitia gehiago arrastaka eraman. Urigoitiak, ahoz gora eta pistola eskuan, bigarrenez egiten dio tiro, eta Botanak erantzuten. Emaitza: Botanak ez du lesiorik, baina Urigoitiak garondoan du tiroa. Urigoitia lehen tiroarekin zaurituta, zergatik ez zioten pistola kendu? Garcia Botanak dio uste zuela lehen tiroa jasotzean erori zitzaiola.

Garondoko tiroan dago gakoa: azterketa forentsearen arabera, lepoaldetik sartu zitzaion bala, eta belarri gainetik irten. Auzitegi medikuek orban beltz bat topatu zuten bala lepoan sartzen zen azalaren inguruan, Iruinek gogora dakarrenez: «Horri auzitegi medikuntzan deitzen zaio bolboraren tatuajea: tiro batek oso gertutik egitean uzten duen arrastoa. Erakusten du oso gertutik egindako tiroa zela, ia azala ukituz». Tiroak zorua jo zuen; alegia, goitik behera eginikoa izan zen, Urigoitia lurrean zela.

ESZENAREN BABESA

Zenbait elementuri arreta jarri zien Iruinek. Batetik, nork babesten zuen gertakarien eszena. Pereirak ikusi zuen gertakariak 00:15ean izan zirela, baina Guardia Zibilak Urigoitia tirokatu eta ordu erdira eman zuen abisua epaitegian, eta batzorde judiziala iristerako beste ordu erdi igaro zen. Guztira, ordubete. «Bitartean, zer gertatu zen? Salan zeuden objektuak, aztarnak, nortzuek babestu zituzten? Tiro egin zuenaren unitatekideek».

BALA ARRASTOAK

Etxebizitza berriro aztertzean, zera aurkitu zuten: lurzoruan sei bala zorro, oholtza azpian hiru jaurtigai eta beste jaurtigai bat Garcia Botanaren txalekoan. Poliziaren lehen bertsioa zen Urigoitiak eta Garcia Botanak elkarri bina tiro eman zizkiotela, bi unetan: guztira lau, beraz. Nondik sortzen dira beste bi tiroak?

Abuztuaren 20an, operaziotik ia hilabetera, bala zorroen azterketa balistikoaren txostena aurkeztu zuten: hiru tiro Urigoitiaren pistolatik eginak ziren, eta beste hiru, pistola ez ziren arma batetik edo bitik eginak. Beraz, galdera gehiago: noiz egin zuen hirugarren tiroa Urigoitiak? Eta, batez ere: leiho ondoan bazegoen lehen tiroa egitean, zergatik ez da ageri bala zorrorik leiho ondoan, eta bai Urigoitia ez zegoen gela batean?

Azterketa balistikorako, beraz, sei bala zorro eta lau jaurtigai zeuden. Bi jaurtigai falta dira. Lau aldiz ikuskatu zuten etxea, baina ez zituzten aurkitu. Epaileak jaso zuenez, «egongelan eta inguruko geletan bilatu bazen ere, ez zen jaurtigai gehiago aurkitu, ezta horiek utzitako aztarnarik ere». Gainera, hiru peritu txosten egin zituzten, baina Guardia Zibilak ondorioztatu zuen balen deformazioaren ondorioz ezin zela jakin zein armatatik bota zen.

BERTSIOA MOLDATZEN

Arian-arian bertsioa aldatuz doa Guardia Zibila. Lehena atestatuan jasotakoa da, gertakarietatik hiru egunetara eginikoa. Kontakizun laburra da, zehaztasunik gabea: lerro gutxi batzuetan diote Urigoitiak tiro egin zuela eta poliziek erantzutean Urigoitia hil zela. Uztailaren 28an, ordea, epaileak deklaratzera deitu zituen bi guardia zibil, eta horiek epaileari esan zioten, batetik, lau guardia zibil sartu zirela etxebizitzan eta, Garcia Botanaren bi tiroez aparte, ez zutela beste tirorik entzun edo ikusi.

Ondoren heldu zen peritu txostena, sei bala zorro eta lau jaurtigai topatu zituztela zioena. Hori, beraz, ez zetorren bat lehen bertsioarekin. Irailaren 11n deklaratu zuten beste hiru poliziak, eta 18an Barriga sarjentuak. Deklaratu zuten lehen bi poliziek ez zuten aipatu sarjentua bertan zenik; Iruinen hitzetan, «bitxia» da, kide bat ahazteaz harago, sarjentuaren mailako norbait zegoela ahaztu izana.

Edonola ere, Barriga sarjentuaren presentziak balio du ordura arte justifikatu ezin zen hirugarren tiroa justifikatzeko eta beste polizia batek bertsio ofiziala babesteko. Izan ere, momentu horretara arte, Garcia Botana zen bertsio ofiziala sostengatzen zuen bakarra.

Barrigaren deklarazioari, ordea, «ahuleziak» antzematen dizkio Iruinek: sarjentuak esan zuen bakarrik tiro bat ematera sartu zela Urigoitia zegoen egongelan, pistola ikusi zuela eta «instintiboki» egin zuela tiro. Baina, galdekatzean, sarjentuak ezin izan zuen zehaztu bera non zegoen tiro egin zuenean, zein norabidetan bota zuen, Botanaren aurretik edo ondoren eman zuen tiroa…

OHARRAK

CESIDen KA / 5104 barne oharrak eta 1997an agertutako ohar anonimoak argi pixka bat jarri zuten auzian. CESIDen oharrean, besteak beste, azaltzen zen balak geratzeko txaleko bat manipulatu zutela eta Jose Ramon Pindado guardia zibilak koordinatu zituela frogak manipulatzeko lanak; are, oharrak dio Pindado epailearen etxera sartu zela frogak manipulatzeko. Izan ere, oharrean bertan aitortzen zen operazio haren ondorioz «Guardia Zibilaren jardueraren legezkotasuna auzitan» geratzen zela.

Bestalde, ohar anonimoa idatzi zuenak zioen Garcia Botana «oso aztoratuta, oihuka eta bere onetik irtenda» zegoela, Urigoitiarengana joan zela eta, hark eskuburdinak jarrita izanagatik, buruan tiroa eman ziola. Anonimoak oharrean eman dituen xehetasunek frogatzen dute oharraren egileak operatiboan parte hartu zuela eta, beraz, lekuko zuzena izan zela.

ONDORIOAK

Azkenik, Iruinek ondorio batzuk nabarmendu zituen: batetik, «Zuzenbide estatuaren eta justizia administrazioaren ezintasuna garbi» ikusten dela, iritzita Justiziak ez duela «ahalmenik egia argitzeko» horrelako kasuetan. Bestalde, garrantzia eman zion «frogak menderatu» ahal izateari: «Eszenaren kontrola gakoa da. Heriotzaren egileak dira gertaeraren tokia antolatu dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.