India

Eremu tribaletako emakume bat izango da lehen aldiz Indiako presidente

Parlamentuko erdien baino gehiagoren babesa lortu zuen Droupadi Murmuk, atzo egindako bozketan; 4.754 botoetatik, 2.824 lortu zituen. Haren hautagaitzak komunitate diskriminatu eta zaurgarriei keinu egiten die.

Droupadi Murmu Indiako presidente hautagaien bileran. PIYAL ADHIKARY / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 22a
13:04
Entzun

Droupadi Murmu izango da Indiako presidente berria. Ram Nath Kovind ordezkatuko du, eta Indiako presidentetzan egongo den lehen emakume tribala izango da. Parlamentuko erdien baino gehiagoren babesa lortu zuen atzo egindako bozketan; 4.754 botoetatik, 2.824 lortu zituen. Hortaz, 64 urterekin, Droupadi Murmu Indiak 1947an independentzia lortu zuenez geroztiko hamabosgarren presidentea bihurtu da.

Ram Nath Kovind egungo presidentearen agintaldia uztailaren 24an amaituko da, sei urteko agintaldiaren ostean. 2017tik egon da karguan, Yashwant Singh oposizioko hautagaia garaitu ondoren. Bozketako emaitzak jakin bezain laster, pozik agertu da Kovind hautagai berriarekin. Twitterren jakinarazi du «ziur» dagoela Murmu «presidente nabarmena» izango dela, «frontetik gidatuko duena eta Indiaren garapen prozesua indartuko duena».

Horretaz gain, Narendra Modi lehen ministroak Murmu «herrialdearentzat itxaropen izpi bat» bihurtu dela esan du; batez ere «behartsu, baztertu eta zapalduentzat».

Komunitate zaurgarrien alde

Droupadi Murmu (1958, Odisha) tribu komunitateen eskubideen aldeko aktibista da. Bera ere tribu komunitate batean jaio zen, India ekialdeko Odisha estatuan, eta haren hautagaitzak komunitate diskriminatu eta zaurgarriei keinu egiten die. Gaur egun, Indiako biztanleen %8,6 pobrezian eta baliabide ekonomiko mugatuekin bizi dira.

Errekonozimendu handiko emakumea da Murmu Indian, eta zenbait kargu nabarmenetan lanean aritu da azken urteetan. 2014tik Bharatiya Janata alderdiak gobernatzen du Indian, eta haren barruan ere egon da.

Kantuan eta dantzan ospatu dute presidente berriaren aukeraketa, India ekialdeko Uparbeda herrian. Danbor hotsak ozen entzun dira, eta gozokiak ere banatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.